Iñaki Beobide, euskal kultura-ekoizpenaren aitzindaria
Ekoizpena izan da urtetan gure arlorik petralena, tradizio handiegirik gabeko jardunbidea. Eta ideiak “eduki” ez ezik, indarrean jarri behar izan ziren unean, Iñaki Beobide izan genuen, 1960eko hamarkadatik aurrera, euskal kultura-ekoizpenaren aitzindaria.
Hogeita hiru urteko Iñaki Beobide zumaiarrak ezer gutxi zekien antzerkiaz, 1957 urtean Eneko Irigaraik Jarrai antzerki taldea sortu zuenean Donostian. Baina Iñakiren eraginez eta bultzadaz heldu zen taldea, 1961etik aurrera, euskal antzerkigintza berriaren erreferentzia mitikoa izatera.
Ez diot inoiz Iñakiri abesten entzun, baina berak sortarazitako Herri Gogoa (1967) diskoetxeak argitara eman zituen “Ez dok amairu” taldeko kantarien abestiak (Artze anaiak, Lourdes Iriondo, Mikel Laboa, Julen Lekuona, Benito Lertxundi, Xabier Lete,,, ) lehenik, eta ondokoak (Antton Valverde, Txomin Artola, Xabier Saldias, Lupe, Haizea, Oskarbi…) gero. Baita bertsolaritza (Xalbador, Mattin, Kepa Enbeita…) eta musika klasikoa ere (Aita Donostia, Ravel…).
Badakigu Beobiderik ez dela euskal idazleen zerrendan agertzen (nahiz Joseba Arregi ezizenez 1964ean Zeruko Argian (1) idatzi, baina hark sortu zituen “Ikuska” liburu saila eta “Irakur Sail” argitaletxea. Eta Iñakiri berari zor diogu, besteak beste, Asterix eta Obelix komiki-sorta arrakastatsuaren euskal argitalpena.
Izan ere, Euskaltzaindiak ez zuen Iñaki Beobide euskaltzain urgazle 1965ean izendatu euskal letretan edo irakaskuntzan egindako emaitzengatik. Ez zen Euskal Dantzarien Biltzarraren idazkari izan dantzari iaioa izatearren; ez, Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkarteak saritu, antzezlari bikaina izanagatik; ez, Gipuzkoako Diputazioak Ahozko Literatura saileko arduradun izendatu, bertsotan etorria zuelako; ez, azkenik, ETBren lehen ekoizlea, telebistaz jakitunena izateagatik. Iñaki Beobide kultura-ekoizle peto-petoa izan dugu. Isila, kementsua eta eraginkorra.
ETB proiektua baino ez zelarik, Beobide Donostiako Prim kaleko ikastaroak antolatzen hasi zen; Studio Hamburg-eko adituekin etenik gabeko harremanetan jarri; aurrenengo 40 lagun-taldeko teknikari zein ekoizleak prestatzen jarraitu eta, azkenik, 1983ko Urteberri eguneko lehen emanaldia bastidoretan bideratu, beste hainbatek aurpegia jartzen zuen bitartean.
Urtetan, hamarkadatan, Iñaki izan genuen, hainbat zulo eta hutsuneren estalkia, saltsa guztien perrexila eta egitasmo anitzen harila. Hartaz jabetu zen Durangoko Liburu Azoka, 2011 urtean, Argizaziola Saria eman zionean, “mende erdian zehar denetariko euskal kultura-alorretan egindako lan eskergarengatik”.
Euskal ekoizpena, oro har, zorretan dago Iñaki Beobiderekin.
(1) Gazte naiz sailean, Ramon Saizarbitoria, Xabier Lete eta beste hainbatekin batera.