Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Immigrazioa eta euskalduntasuna

Immigrazioa eta euskalduntasuna

Amatiño 2025/01/15 09:10
“Astindu nazional linguistiko-kultural baten premia larrian gaude, eta ez da ikusten beharrezkoa dugun inarrosaldi horren zantzurik, ez aurrera ez atzera baikaude, eta immigrazio berriak diskurtso eta praktika berririk ez sortzea diogunaren erakusgarri ezin argiagoa da" (Immigrazioa eta abertzaletasuna. Pako Sudupe. UEU, 2024)*.

Aski ezaguna denez, azken 150 urteotan Hego Euskal Herrian izandako immigrazioa hiru etorrialdi handitan bereizten da. Foruak galtzearekin batera XIX. mendearen amaieran gurean gertatu zen industria-iraultzaren eraginez, lehena. Francoren diktadurak erraztu zuen bigarrena. Eta, hirugarrena, XXI. mende honen bueltan gertatutakoa.

Lehen bi migrazioak espainiar probintzietatik lan bila etorritako jendeak osatu zituen, eta hirugarrena, ostera, Espainiatik kanpo heldutako etorkinek. Pako Sudupek nabarmendu (1) bezala, lehen uholde biek garaian garaiko eta era bateko zein besteko diskurtso politiko eta sozialak sortarazi zituzten arren, azken hirugarren andana honek ez du formulazio berririk suspertarazi.

Kontua da, estaturik gabeko nazionalismoa eta inmigrazioa lotzen dituen ikerlanik, gutxi zein asko, Quebecen, Flandrian edo Katalunian baden arren, gurean ez dela, ordea,  horrelakorik batere egin. “Kulturaren gainetik, immigrazioaren irakurketa politikoa hobesten da, eta immigranteen integrazioari dagokionez, hizkuntzaren gainetik, integrazio politikoa. Ez dugu bizikidetza-arazorik Hego Euskal Herrian, baina integrazioa espainiar aldera egin da.”

Pako Suduperen ustez, “immigrazioak euskaraz bizi nahi dugunoi planteatzen digun arazoaz ez da eztabaidatzen, tabu gisakoa da euskal gizartean, eta ez da arazotzat ere jotzen”. Alegia “erresistente-izaera eta heroitasun-kutsu bat galdegiten du linguistikoki eta kulturalki euskaldun izateak eta euskara erabiltzeak”(2).

Sudupek honako lerrokada salatzaile bezain aldarrikatzaile honekin amaitzen du bere saiakera: “Jarraitzen dugu gurdia askotariko idien aurrean jartzen, eta hauteskundeen zirimola etengabean, euskal nazioari dagozkioenetan berdintsu, eta immigrazioaren afera tabu bihurturik. Noiz arte? Euskalduntasuna euskal itsasoan erabat urtu arte?”

Hala ere, saiakerari ezarriko niokeen “baina” zera da: joko-politikoaz gainera, adituek eragin lezaketen eztabaidaz aparte, euskal gizarteak, oro har, eta euskaldun bakoitzak bereziki, egin lezakeena egiten ote du? Euskarazko eskolara seme-alabak bidaltzen dituzten gurasoak koherenteak al dira? Ez al dugu guztiok ere pentsatzen “inork” (beste edonork) konpondu beharko digula konpondu beharrekoa?

* "Immigrazioa eta abertzaletasuna". 

1) Iker Iraola Arretxeren tesiaren (2013) ildotik.

2) Gabon-afalosteko mahaian izan nuen bilobekin eskola- eta lagun-giroaz hitz egiteko aukera, eta nik neuk nekez barrunda nezakeen sentipen gazi-gozoaz oheratu nintzen. Nik artean osorik irakurtzeke nuen Pako Suduperen saiakera eta beraiek ez dute, agian, sekula irakurriko, baina, tamalez, onenean ez dute irakurri beharrik ere, susmoa baitut egunero bizi behar izaten dutela “erresistente-izaera eta heroitasun-kutsu” hori. Hain zuzen, behar bada guk ere heroitasun-kutsua bizi izan genuen Francoren eskola nazionalean, baina, agian,  guk irabazle-apustua egin ahal izan genuen, noiz edo noiz irabaziko genuelakoan. Beraiek, ordea, euskal eskola giroan, erresistentzia-izaerari eutsi baino ezin diote egin,  oraingoz egoera gehiago gaiztotuko ez delakoan. 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: