Imanol Murua, bai baina
Imanol Murua dugu 1980eko hamarkadan hasitako kazetari-andanaren ordezkaririk ezagunenetako bat eta, behar bada, euskal kazetari politikorik onenetakoa. Informatua, zehatza, euskal errealitatearen konplexutasuna ulertarazten saiatzen dena. Asmatuko du ala ez, baina nekez uka dakioke ahaleginik.
Hala ere, Muruak ez zuen asmatu saria jasotzerakoan egin zituen bat-bateko adierazpenetan. «Euskarazko prentsa bultzatzea delitua bada, gaizkile bati eman diozue saria» esan zuen Euskadi Irratiaren mikrofonoen aurrean eta, bereziki Egunkaria kasuko auzipetuak gogoratuz, ezarri: «Euskarazko egunkaria sortzeagatik eta bultzatzeagatik zigortu nahi dituzten hamabi lagunei esan nahi diet epaitzen dituztenean ni ere epaituko nautela».
Ez. Euskarazko prentsa bultzatzea ez da delitu, euskaraz ari diren kazetariak ez dira gaizkile eta euskarazko egunkaria sortzeagatik eta bultzatzeagatik ez dute inor epaituko. Imanol Muruak ulertarazi nahi izaten duen errealitatea hori baino konplexuagoa da. Eta berak badaki.
Honek ez du esangura auzipetuekin ez gaudenik, baina ez euskal kazetariak direlako, oinarrizko giza-eskubideak zor zaizkien hiritarrak direlako baino. Nik ez dakit Egunkariaren arduradunek iruzur ekonomikorik egin duten ala ez, baina txarrenean ere salaketa hori frogatu beharko da eta frogatuko balitz ere ez litzateke arrazoi aski izango enpresa ixteko. Ez, nik ez dut uste auzipetuak ETAren morroi direnik baina, balira ere, salaketa hori frogatu egin beharko litzateke, eta frogatuko balitz ere, erruak gizabanakoarenak izango lirateke eta ez egunkariarenak. Eta, txarrenean ere, enpresa osoa errudun suertatuko balitz ere, lehenengo frogatu egin beharko litzateke eta gero, akaso, enpresa itxi, baina ez lehendabizi itxi eta gero frogak aurkitzeari ekin.
Baina hau guztiau adierazi ondoren esan ere esan behar da Egunkaria ez zela itxi euskaraz zelako, Egin itxi ez zuten bezalaxe, gaztelaniaz zelako. Euskal errealitate politikoa hori baino dezente konplexuagoa da.
Egunkariaren zein Eginen kazetariek gu guztion elkartasuna merezi dute, ETAk erail, zauritu, erasotu eta mehatxatu dituen kazetari guztiek gu guztion elkartasuna merezi duten bezalaxe, euskaldunak zein erdaldunak izan, euskaraz nahiz gaztelaniaz aritu. Euskal gatazka politikoa ez da hizkuntza-arazoa. Euskarari egin dakiokeen kalterik handienetakoa, hain zuzen ere, euskara mozorrotzat erabiltzea da. Eta Imanol Muruak horrenbeste badaki.
Imanol Murua, ostiralean, "Argia" saria eskutan.
Nik ez dut adierazpenik egin beharrik eduki, Amatiño. Nik ez dakit Imanolek adinako politika analisirik egiten eta egiten dakiena saritzea ez badakarrik ondo, oso ondo iruditu zait ze zuk lehenengo parrafoan diozun moduan "Informatua, zehatza, euskal errealitatearen konplexutasuna ulertarazten saiatzen dena" delako. Ados gaude bada sarian. Nik gustura irakurtzen dut Imanolek egiten duen lana paperean eta gusturago irakurtzen nuen blogean. Ia sariak laguntzen dion parentesia ixten eta enpresakoek denbora piska bat ematen dioten bloga elikatzen ere jarraitzeko.
Zer den egia eta zer ez... Egiak siniskerak beste ez ote diren... Egia handien denborak ez ote dien utzi lekua zatikatutako egiei... Esaterako, zuk diozu "baina hau guztiau adierazi ondoren esan ere esan behar da Egunkaria ez zela itxi euskaraz zelako". Nik ez dakit egia zein den. Ez dakit zergatik itxi zuten oraindik eta norbaitek egiatzat arrazoiren bat ematen didanean ere ez dakit egia hori sinistuko dudan. Hau ere, noski, ez da zure artikuluko gai zentrala, baina parrafotxo bat utzi duzu hori ere esanez, zati txiki bat. Egia txiki bat?
Portzierto, eskerrik asko erantzuteko aukera zabaldu izanagatik, Amatiño. Ia zorterik duzun eta anonimo ez diren hamaika erantzun jasotzen dituzun. Seguru aberasgarria dela irakurleondako.