Imanol: hamar urte eta gehiago
Donostiako Lugaritz aretoa lar txiki suertatu zen, atzo, Imanol Larzabalen “hamar urteko ausentzia” oroitarazteko.
Ainara Ortega, Arantza Irazusta, Niko Etxart eta Amaia Zubiria kantariek eta Andoni Egaña zein Xabier Euzkitze bertsolariek Imanol zenaren kantak eta ipi-apak gogorarazi zituzten, Karlos Gimenez, Pascal Gaigne eta Mikel Andueza musikarien laguntzaz. Aurkezle, berriz, Arantxa Urretabizkaia.
Hamar urte bai, Imanol hil zela, baina, tamalez, hamar baino nabarmen gehiago nolabait galdu genuela, hainbaten gizagabetasunaz, makina baten zabarkeriaz eta gehienon ardurarik ezaz.
Berak bere buruari kantatu bezala, Imanolen euskaltasunak ez zuen, behar bada, txapel berezirik behar izan, baina bai, ordea, mea-culpa larririk, euren euskaltasuna ur bedeinkatutzat duten hainbatek.
Elkarri barkamena eskatu beharreko abagune honetan, segurutik ere Imanoli barkamen-eskaria adierazteko ordua dateke "hainbestetan bakarrik utzi zintugulako".
Karlos Gimenez, Pascal Gaigne, Amaia Zubiria eta Mikel Andueza
Zutik, Ainara Ortega, Arantza Irazusta, Arantxa Urretabizkaia, Andoni Egaña, Amaia Zubiria, Xabier Euzkitze eta Niko Etxart
Oraindik, Imanolen ahotsaren goxotasunak oihartzun triste eta malenkoniatsuak sortzen ditu gutariko askorengan.