Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Luis Aranberri (1800-61), Andikao-errotakoa

Luis Aranberri (1800-61), Andikao-errotakoa

Nere aittitta Domingo Aranberri 1843an jaio zen, Elgoibarko Andikao baserrian. Bere gurasoek, Luis Aranberri Egino eta Josefa Arano Alberdi, errentan hartu zuten baserria zenbait urte lehenago, 1834ko uholde handiek aurreko errota eraman eta ugazabak etxe berria eraiki ondoren. Andikaoneko ola XIV. mendea baino lehenagokoa zen, Elgoibar hiria 1346an sortu aurrekoa, eta eskopeten kainoi-forjariei errentan eskaini izan zitzaien XVII. mendetik aurrera. 1834ko uholdeek Andikao baserria ezezik bertan bizi ziren errenteroak ere eraman zituen eta, hara non, nere birraitona-amonek Andikao berritua estreinatzeko aukera izan zuten.

Arotzeria utzi eta baserritar egin

Mendaroko Azpilgoetan jaioa (1800), Luis Aranberri birraitona arotza zen lanbidez eta nekazari-zereginei ekin behar izan zien Elgoibarko kalea utzi eta baserrira igo zenean. Luis eta Josefa senar-emazteek lau seme-alaba zituzten Andikaora joan zirenean: Jose Ramon (1827), Victor Francisco (1831), Michaela Melona (1834) eta Josefa Antonia (1835). Andikaon bertan jaio ziren, berriz, Jose Alexo eta Maria del Carmen bikiak (1838) eta Domingo Cecilio (1843), nere aittitta”.

Luis Aranberri hil ostean (1861), bere semerik nagusiena, Jose Ramon, jabetu zen baserriaren arduraz eta anai-arreba guztiek alde egin zuten. Victor eta Domingo Eibarrera etorri ziren eta armagintzari ekin. Bata zein bestea ezagun samarrak egin ziren Eibarren "Bittor haundi" eta "Bittor txiki" gaitzizenez. Victor anaiarik zaharrena edo haundiña zelako eta Domingo, ostera, Bittorren anairik txikiña (16 urte gazteago) zelako edo. Zaharrenaren senitartekoak "Bittor haundiñekuak" izan ziren eta gazteenarenak, berriz, "Bittor txikiñekuak".

Andikaoneko burdinola

Andicano izena eta, seguru asko, bere sortetxea bertan ziren XIV. mende hasieran. Villamayor de Marquina Elgoibar. 1346-1946 deritzan monografiak dioenez: Villamayor de Marquina (actual Elgoibar) se fundó en año 1346 eta a esta nueva villa se adscribió la ferrería de ANDICANO el 18 de noviembre de 1362. Izan ere, Markinako Villa Mayor sortu aurretik ere burdingintza inguru hartako lanbiderik garrantzitsuenetakoa zen eta burdinola ugari zegoen Deba ibaiaren ibarretan zein bertako errekatxoetan.

Lope Garcia de Andicano, Andikaoneko olen jabea, Elgoibarko jauntxo burdingilerik haundienetakoa zen Carquizanonekoekin batera. Andikaoneko burdinola behin eta berriz aipatzen da XVI. eta XVII. mendeetako agirietan eta, ordutik aurrera, errota bihurtua agertzen. Jakina denez, Elgoibarko burdinolek Bizkaiko Somorrostrotik ekarri ohi zuten mea eta, landu ostean, burdinagak saltzen zituzten. Amerikar kolonietako merkatuak iraun zuen artean, olek goiari eutsi zioten, baina baten gainbeherakadak besteen hondamendia erakarri zuen.

Andikaoneko errota

Elgoibarko erroten aurrenengo dokumentu idatzia 1335ko Fuero de Ferrerias delakoan agertzen da baina, segurutik, langintza hura askoz ere lehenagokoa zen. Gaur egun hogeita bi errotaren aztarrenak ezagutzen dira Elgoibarraldean, nahiz eta, zalantzarik batere gabe gero, garai batean dezente gehiago izan. Haietariko bost Deba ibaian zehar zeuden kokatuak, alegia: Andikao-errota, Goiko-errota, Beko-errota, Olalde-errota eta Alzola-errota.

Jakina denez, burdinolak Gipuzkoako edozenbat herritan jarri ziren baina, behar bada, Elgoibarkoak berezi samarrak izan ziren, sarri asko --eta inoiz erregeren aginduz-- eskopeten kainoitarako barrenak egiteko erabili baitziren.

Industria berezi honen dokumenturik ez da Debabarrenan falta XVI. mendetik aurrera. Eta, dakigunez, Andikao-errota gutxienez 1638tik aurrera errentan eskaini izaten zitzaien kainoi-forjariei. Geroxeago, barrenak egiteko ezezik, alea xehetzeko ere erabili izan zen.

Anton Agirre Sorondo historilariak XVIII. mendeko molinos y barrenas de Andicano deritzan aipamena bildu du Tratado de Molinologia (Los molinos de Guipúzcoa) azterlanean, eta baita XIX. mende hasieran Andikao-errotan izan ziren zenbait errenteroren berri eman ere.

1834ko uholdeak

Lehen Karlistada hasi bezain laster, demaseko uholdeak izan ziren Elgoibarren. 1834ko ekainaren 30eko goizaldean sekulako eurijasa bota zuen Debabarrenan. Deba ibaiak gainezka egin zuen "sei metrotik gora" eta Elgoibarraldean jendeak alde egin behar izan zuen nola-hala. Urak zortzi gorpu eta hamahiru etxe eraman zituen. Horrez gainera, hogeita bi etxe alferrik galduta, hiru zubi gainbehera, hiru errota deseginak, beste bost lur jota eta burdinola bi hankaz gora.

Gehienbat alferrik galdu ziren errotetako bat Andikaonekoa izan zen. Baserria ibarrondo-ondoan eta urak indarrik gehien hartzen zuen inguruan zegoenez, ibaiak bertatik bertara hartu zuen Andikao. Etxe barruan zeuden senar-emazte bikoteak, semeak eta hirurok teilatu gainera igo behar izan zuten. Baina urak gora, gora, eten gabe gora, teilatu-gaina ere gainditu arte eta hirurak eraman zituen orroka eta ezin bestean.

 Andikao, 1930eko hamarkadan

Andikao, 1930

Urak baretu ostean, ugazabak Andikao etxea berriro jasotzea erabaki zuen. Maldan gora igo zen ur haundiek utzitako arrastroraino; bertan oinaz arraia zapaldu eta egin beharrekoa handik gora egiteko agindu zuen. Aurreko errenteroak urak eraman zituenez gero, ugazabak berri bila jardun zuen eta horrela, ustekabean, nere birraitona-amonak, Luis Aranberri eta Josefa Arano, parean tokatu. 1826an ezkonduta zeuden, lau seme-alaba zituzten ordurako eta beste hiru izango zituzten Andikaon bertan. Zazpigarrena, denon artean gazteena, Domingo Bittor txiki, nere aitona.

Domingo Aranberri 1931an hil zen, Eibarren. Goraxeagoko pinturan, Andikao baserria aittitta hil zen garai berean.