Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Ilvrberrixo Anderexo

Ilvrberrixo Anderexo

Amatiño 2025/07/11 10:40
Aran haranean, Escunhau herrixka Vielha udalerriaren auzoa da gaur egun. Ehun biztanle inguru besterik ez ditu. Ez da inondik ere lekurik ezagunena baina urtero hainbat milioi (1) lagun pasatzen dira Sant Péir elizaren ingurutik. XII. mendeko erromanikoa (2) gutxietsi gabe, aipagarri bertako marmolezko hilobiaren (3) idazkuna: “Ilvrberrixo Anderexo”. Euskarazko testurik zaharrenetakoa.
Ilvrberrixo Anderexo

Escunhauko Sant Péir

Textos arcaicos vascos (Madrid, 1964) liburu ezagunean, hiru garaitan banatzen ditu Luis Mitxelenak han-hemenka aurkitutako testu zaharrak: Antzinakoak, Erdi Arokoak eta XVI-XVII. mendekoak. Antzinakoak hamabi besterik ez dira guztira, eta hamabi horietarik (4) lehena Escunahuko (Aczcunia, 1278) “Ilvrberrixo Anderexo” (5) delakoa, zeinek, besteak beste, frogatzen duen Aran haranaren beraren euskarazko izena ez dela ezustekoa.

Azpimarragarriena da, ordea, hizkuntzalari “salamankariak” biltzen dituen hamabi idazkunetatik, Lergako (Nafarroa) hilarriarena izan ezik, Pirinioen ipar-isurian daudela kokatuak gainerako hamaikak, zeinetatik bat Zuberoako Atharratze-Sorholüzen dagoen eta beste hamarrak, berriz, gaskoi-herrian, Aran haranetik Saint-Gaudenseraino, Garona Garaiaren barrena: Saint Béat (bi), Arguénos, Sauveterre-de-Nébouzan, Basert (Gourdan), Ardiège, St.-Aventin, Luchon eta Bordères-en-Luron herrietan.

Betidanik aipatu izan da hainbat hilarri eta hilobitako euskarazko lehen idazkunak Akitanian agertu izan direla, nahiz, Nafarroako Lerga eta Zuberoako Atharratze izan ezik, gainerakoak Gaskoinian kokatuak egon. Kontua da, ordea, Akitania dela erromatarrek Galia konkistatu zutenean aurkitu zuten “akitaniarren herria”. Oro har, bitan banatu zuten: Galia Akitania Bordeleren inguruan eta Novenpopulania (bederatzi herriak) Pirinioen inguruan, VIII. mendean Baskonia, Waskonia edo Gaskoiniako Dukerria bilakatu zena.  

1) Neguko lau-bost elur-hilabeteetan soilik, milioitik gora eskiatzaile pasatzen dira bertatik.

2) Eliza itxita egon ohi da, noizik behingo meza-orduan edo izan ezik, baina bisitari-taldea osatuz gero, Vielhako Informazio Bulegoak bisita gidatuak antolatu izaten ditu.

3) Jatorrizko harlauza ostu zuten eta haren kopia da egun gordetzen dena.

4) Geroztik, besterik ere bada.

5) "El primero será nombre de divinidad; el segundo, el de la dedicante"  (Textos arcaicos vascos, 15. or.)

.

Gaskuina
Eskuin-barrenean, Vielhatik Saint-Gaudensa, Garona Garaian zehar.


Ilurberrixo

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: