Ilusioaren magia edo magiaren ilusioa
Zerk biltzen ote ditu ekitaldi berean lau belaunalditako entzuleak? Gazte jendea jai bezperan erruz kaleratzeak ez dirudi zaila (2), baina zerk ateratzen ditu etxetik 80 urtetik gorako aitona-amonak? Zerk bideratzen ditu, gauez eta lau-bost ordutarako, familia osoak edo haurtxoa besoetan eraman beharra duten bikote gazteak? Kantazaletasuna baino zerbait gehiago da hor, nonbait. Garai bateko deiadar-mendietako oles kolektiboren bat ote?
Txikikeriarik gabeko ekoizpen galanta, argiztatze (sua, laserra eta txinparta) liluragarria, kantarien aniztasuna, inor ez aspertzeko besteko erritmo bizkorra eta, dena, lotiena ere ez lokartzeko moduko dezibeliotan (haur besoetakoak, kaskoekin). Hortik aurrera, ordu bi eta erdiko emanaldi suspergarri eta paregabea. Sekulako giroa, zoramena. Gora gu eta gutarrak.
Fernando Velazquezen (3) zuzendaritzapeko Bilboko Orkestra Sinfonikoa eta Bilboko Korala tarteko, benetan joria bezain naroa kantari-zerrenda, alegia: Süne, Olaia Inziarte, Janus Lester, Idoia, Bulego (Tom Lizarazu), Esti Markez, Zetak (Pello Reparaz), Olatz Salvador, Nøgen, Maren, Huntza (Josune Arakistain eta Uxue Amonarriz), Izaro, Eñaut Elorrieta, ETS En Tol Sarmiento (Iñigo Etxezarreta), Kalakan, Gatibu (Alex Sardui eta Haimar Arejita), Zea Mays (Aiora eta Piti), Mikel Urdangarin, Su Ta Gar (Aitor Gorosabel eta Xabi Bastida), Mikel Markez eta Sorotan Bele. Guztiak gustura eta urbitsetan.
Denetarik, berriz, 30 kanta inguruko errepertorioan. Besteak beste, aspalditxoko Aldapeko, eta Loretxoa… garaiak markatzeko gai izan ziren, eta diren, Haika mutil, Itsasoa gara eta Musturrek sartunde… edonork une oro errepikatzen dituen Aukera berria, Aldapan gora edo Bueltan da… eta, ezustean, euskaraz kantatzen jarritako Reincidentes (Guk euskaraz), Celtas Cortos (Aita-semeak) edo Jorge Drexler (Oi ama Eskual Herri) Idoiarekin duora.
Hamar mila lagun, lagun asko dira bakoitza bere jarlekuan eserita. Baina nabarmen gehiago sartu-irtenetan, pasilloetan, transitoan, pintxotan, photo-callean edo metroan zein aparkalekuan sakabanaturik. Eta belarria jarri besterik ez dago konturatzeko bertaratutako jende asko zein hizkuntzatan moldatzen den sarrien eta erosoen.
Hartara, kantaldiaren magia ez datza, segurutik, kantatze hutsean, beste hainbat hutsune, aje, falta eta gabezia bete nahian ere baizik. Honelakoan, kanta-saioaren ahalak gehiago du, agian, atxikitze eta estekatzetik, ildoa galdu nahi ez izatetik, zila aldarrikatzetik, abeste soiletik baino.
Zilik galdu gura eza ez da gutxi. Baina magia, berez, magia besterik ez da. Ilusioaren magia edo magiaren ilusioa. Ez diot nik adjektiborik jarriko. Ezta aditzik ezarriko ere. Epe motzean behintzat, gauzak diren bezala dira. Ura bere bidean. Gero gerokoak.
1) "Ura bere bidean". 57 argazki
2) Prezioak hutsaren hurrengo ez ziren arren.
3) Musika-konponketa guztiak bere ardurapekoak izan dira.