Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Ikuskizun gomendagarria, birritan ikusteko modukoa

Ikuskizun gomendagarria, birritan ikusteko modukoa

Amatiño 2023/06/05 08:15
Sekulako ikuskizun atsegina gero, larunbat iluntzean, Luzia Lakarra eta Matthew Golding bikoteak Donostian aurkeztu zuen “In the still of the night” ballet-saioa. Luziaren dantza-maisutasuna ez dago zalantzan, baina ez dute batere aitzakiarik Matthewren ideiak, eszena-zuzendaritzak eta koreografiak. Denak ere, gurean sarri ikusten ez direnetakoak.

Bi planotan gertatzen da "In the still of the night" ikuskizuna. Taula gainean, aurrez aurre, dantzari biek bizi eta aditzera ematen dute euren arteko errealitatea; eta, barrengo pantailak garamatza, aldiz, iraganaldira, non ilargipeko gauaren lasaitasunean (edo geldiunean ote?) hainbat aldaketa-edo gertatuak diren. Ikusgarria, bai, bi errealitate paraleloen (zehatz paraleloen) arteko ispilu-jolasa.  

Protagonista biak gogotik hunkigarri suertatzen dira elkarrekin eta, behar bada, biak elkarren bikote izateak zirrara areagotzen du edo, ikusentzulearen subjetibotasuna medio, areagotzen duela ematen du, eta elkarren maitasunak ezein antzezjoko gainditu eta sinesgarritasuna ezartzen.  Balirudike ez dela fikzioa.

Zer gerta ere,  balletez ezer gutxi jakiteaz gainera, irudi-arloan zertxobait jardun eta 1960ko hamarkadan helduen mundura jaio ginenontzat, nabarmen gogoangarria Valeria Rebecken ikus-entzunezko lan bikaina, irudimenez jantzia. 

Soinu-banda, berriz, benetan gomutaz josia. Esaterako, “This magic moment” (Ben E. King & The Drifters, 1959): “Non, je ne regrette rien” (Edith Piaf, 1964); “Be may baby” (The Ronettes, 1963) eta “Unchained Melody” (The Righteous Brothers, 1965). Inondik ere ez betegarri hutsak, gainera, tarteka-martekako hainbat musikari garaikideren ereslan minimalistak.

Aukeran, ezin aproposagoak 1960ko hamarkadako auto-mota deskapatogarriaren lekukotasuna, garai hartako Luziaren soineko-modelua edo aspaldi pantailan erretzen ikusten ez genuen cowboy urbanoaren zigarroaren garra, kea eta amatatzeko sistema: sekulako poster mortala. Harako in the middle of the road gogorarazten du.

Lausoren bat xehatzekotan, hasiera ezustekoa den arren eta nahiz ikusentzulea ekinera beretik oharkabean harrapatu,  gero, saioaren hirugarren herenetik aurrera-edo, nolabaiteko “ohikeria” eszenaz jabetzen da, asmakizunak hedapen-mugak balitu bezala,  gidoigileak nola amaitu ez baleki moduan. Ez da luze egiten, 65 minutu baino ez dirauenez gero ibilbide guztiak, baina moteldu samar egiten da. 

Lakarra-Golding bikotearen proposamena azkenean Donostiara heldu bada ere,  ikuskizuna estreinatu, 2021eko urrian estreinatu zen,  Dortmunden (Alemania), pandemiaren bigarren olatuarekin batera. Geroztik aurkeztu izan da Bilbon, Bartzelonan, Logroñon, Santanderren, Oviedon eta beste hainbat hiriburutan. 

Ekarpen hau dela-eta,  Luzia Lakarrak  emakumezko dantza-interpreterik onenari dagokion Max Saria irabazi zuen 2022an. 

Ikuskizun gomendagarria. Birritan ikusteko modukoa.

.Lakarra-Matthew

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: