Ikurrak
Baina, esanak esan, banderak, ikurrak, pendoiak, zutohialak eta harmarriak, inoren asmakizunak izatekotan, handiki eta jauntxoenak dira, euren burua unibertsal eta kosmopolitatzat dutenenak hain zuzen. Izan ere, ez ziren Artikoko inuitak, Keniako masaiak edo Australiako tasmaniarrak banderak asmatu zituztenak izan, Babiloniako, Txinako edo Erromako inperioak baino. Historiak gogoratzen digunez, Gaztelako ikurra zeramala hondartzaratu zen estreinako Colon Ameriketan. Ez du, ostera, inork sekula esan ongietorria ematera hurreratu ziren lehen indioak euren ikurrin eta guzti agertu zitzaizkionik.
Bokazioz, botere militarraren seinale dira banderak eta ez, jatorriz behintzat, herri-arimaren adierazgarri. Ezein eraikinetan banderak zabalik ikusiez gero, errazago izango da udala ospitalea baino, normalago koartela museoa baino, samurrago komisaldegia kulturetxea baino.
Animaliek txiza egiten dute euren lurraldea markatzeko eta gizakiek, ostera, jabego-ikurrak eta seinaleak jartzen ikasi genuen. Nazio handiek banderak ezartzen dituzte euren boterea gogorarazteko, eta nazio txikiak, berriz, beste horrenbeste egiten saiatzen dira... haiek baino gutxiago ez izateko besterik ez.
Ez dirudi gaurko gizartea banderazale amorratua denik. Nazio zibilak gero eta esne-berba gutxiago eskatzen du eta ongizate gehiago. Baina, zer gerta ere, edozein banderari gerta dakiokeen trantzerik lotsagarriena derrigorrez jarri beharra da.
Deia, 2008.04.06
Babiloniako harria Almogàverak