Ideologiarik eza nagusi
Aurreko asteburuan aurkeztu zen estreinako, Espainian, “De Nicolas a Sarkozy” filma. Bidenabar, ukaezinezko egia biribil bi azpimarratu dituzte espainiar komunikabideek, alegia: Frantzian lehendakari-hauteskunde bezperetan ari direla eta Nicolas Sarkozyk ez duela nahi izan filma ikusi. Inon gutxitan irakurri ahal izan dugu, ordea, film hau, “La conquête” izenburuaz, iazko maiatzean aurkeztu zela Frantzian eta zorabio edo katramila handirik gabe gainera. Segurutik Sarkozy pailazo samarra da eta politika-giroa antzekoa. Baina zirku mediatikoan bekaturik ez duenak bota dezala lehen harria.
Filma ez da inondik ere sekulakoa baina, denbora pasatze aldera, dezente aproposa. Segurutik karikatura lartxo eta antzezpen gehiegitxo baina, batez beste, politikagintzan, alderdien baitan eta komunikabideen esparruan sarri (ez beti) gertatu ohi diren hainbat azpijanen eta azpijokoren adierazgarri bai, behintzat.
Nabarmena gero. Pelikula hasi aurreko kreditoetan jakinerazi nahi izan du zuzendariak ondoko 105 minutuetan azaltzen diren protagonisten eta gertakarien zertzeladak fikziozkoak baino ez direna. Baina, berehala, lehen sekuentziatik aurrera, datak, datuak eta jakineko izen-abizen zehatzak agertzen dira, dagozkien kargu eta karga guztiekin.
Xavier Durringer zuzendariak aitortu duenez, ekoizpen eta grabazio-lanean legelari-taldea izan dute aholkularitzat eta, jaramonik egingo badiogu, ez dute “omen”, “diotenez” edo “daitekeen” pasarterik batere sartu, “jakinekotzat” jotzen direnak baizik. Orduan?
Behar bada, filmak salatzen duen arlorik larriena ez da Sarkozyren izaera lotsagabea, jarrera maltzurra edo neurribako handinahia, zenbait politikariren (Sarkozy bera tarteko, jakina) ideologiarik eza baino. Eta, segurutik, are kezkagarriago, zenbait hautesle-andanaren ideologiarik eza. Eskuin zein ezker muturreko hiritarrek hautagai berberaren aldeko apostua egin izana, gizartean barrena benetako larrialdiren bat gertatzen ari denaren adierazgarri nabaria baino ez da.
Nicolas Sarkozy (Denis Podalydès)