Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Ideologia norberaren kontu, ez inoren bizkar

Ideologia norberaren kontu, ez inoren bizkar

Amatiño 2009/11/30 23:45
Gaur komunista batekin bazkaldu dut. Bai, benetako komunista batekin. Geratzen diren bakarrenetako batekin. Bospasei lankideren artean komunikazio-enpresa dute eta merkatu-plazan ari dira itxurazko arrakastaz. Enpresa kudeatu beharra omen da norberaren ideologiaren egiazko galbahea. Beste guztiak ipuinak omen. Teoria hutsa. Ideologia norberaren kontu frogatu behar omen da, ez inoren bizkar.

Nere laguna benetan ona da bere lanbidean. Ofizioa ezagutzen du, erabat profesionala da, guztiz aditua eta gutxik duen bezainbateko esperientziaren jabe, inori leporatzen ez dakigun hainbat kanpaina ospetsuren diseinugilea. Janzkeraz frantziskotarra ematen du eta neska-lagunarekin bizi da, doi-doi, ganbara batean.

Ez ditut bere lankideak askorik ezagutzen baina, elkarrekin lan egin ahal izateko, antzerakoak izan behar, ezin gero arras ezberdinak izan. Guztiek ere Gipuzkoako edozein hitzarmen kolektibopeko langileek baino gutxiago irabazten dute baina, hori bai, inoiz gehiago behar izanez gero, guztion diru-kutxatik hartu baino ez dute.

Badakite tipo “arruntak” ez direna. Ez dute euren burua eredutzat eta ez dute uste mundu guztiak eurek egiten dutena egin beharko lukeenik. Beraiek askatasun osoz hautatutako bizimodua da, euren ideologiari atxikia, pozik bizi dira eta euren buruarekin leial izan nahi dute.

Bada mundu honetan  kartujo joaten denik, misiolari, gobernuz kanpoko erakunderen baten laguntzaile edo legendunen erizain. Ez gara beraz komunista izan nahi dutenen hautuaz asaldatuko. Galdera ordea zera da, zergatik enpresa sortu? Komunista izanik, ze premia dago enpresa kapitalista sortzeko? Zer dela-eta merkatu-plazara lehian atera behar hori? Zergatik ez funtzionari izan, inoren menpeko behargin soil, eskean aritu edo subsidiorik subsidio bizitzen ahalegindu? Zer erantzungo eta… gu guztion benetako neurkina enpresa delako, merkatua.

Alegia, teoria eta praktikaren arteko iragazkia enpresa baino ez delako, ideologiaren galbaherik zorrotzena merkatua besterik ez delako. Hau da, anarkista, komunista, sozialista, abertzale edo kristau izan nahi duzula… bapo, sortu ezazu nahi duzun enpresa eta ahalegindu zaitez zure ideologia enpresaren barruan indarrean jartzen. Ez du balio lan-orduetan pinochetista izan eta lanetik kanpo allendezale. Edo enpresa-kudeaketan unibertsalista eta lagunartekoan soberanista. Edo Indiako haurrek egindako jantzien salmentaz aritu eta igandetan mezatara joan. Edo, beste modu batez esanda, anarkista, komunista, sozialista, abertzale edo kristau izan nahi duzula… bai, baina froga ezazu zeure ideologia eguneroko lanean, ez lanetik kanpo. Laburbilduz, ez inoren bizkar, zeure kontura baino.

                     

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: