Iaz zendu ziren euskaltzainen oroitzapenetan
Zazpi euskaltzain izan ziren iaz zendu zirenak. Hiru urgazle, Iñaki Segurola (Azpeitia, 1962), Eustasio Etxezarreta (Albiztur, 1938) eta Pedro San Cristobal (Usurbil, 1932). Beste hiru ohorezko, Pello Zabala (Amezketa, 1943), Pello Apezetxea (Goizueta, 1932) eta Miren Jone Azurza (Donostia, 1929); eta zazpigarrena, azkenik, aurreko abenduan hil zen Txomin Peillen (Paris, 1932) euskaltzain emeritua.
Zazpi zenduoi buruzko hamar minutuko hil-iruzkin bana paratu zuten beste zazpi lagunek, hurrenez hurren: Joseba Lakarra, Lontzo Zugaza, Laura Garrido, Paulo Agirrebaltzategi, Patxi Iñigo, Nerea Azurmendi eta Jean-Baptiste “Battittu” Coyos.
Aitzindari izan nahi ez zuen aitzindaria
Denek esandakoa aipatu ezinaren ezinez, zilegi bekit Nerea Azurmendik Miren Jone Azurzaren oroimenez bildutakoa, ez gara-eta alferrik Miren Jone, Nerea eta hiruok elkarrekin lan egindakoak, soinez soin eta ukondoz ukondo.
Eta Nereak bildutakoa llaburtu beharraren beharrez, hona bi azpimarra, Miren Joneren nondik norakoa pare bat esalditan ezin hobeto ulertzeko.
Aurrenik, Miren Jonek etxean jasotako kristau-oinarria, gurasoengandik bereganatu baitzituen bizitza osorako jarraibide eta balioak: "erlijio-sena, abertzaletasuna, euskaltzaletasuna, jakin-mina, ikasteko gosea, besteekiko ardura... “
Eta, ondotik, Joxe Arregik egindako elkarrizketan esan ziona: "xumetasunak are miresgarriago egin zaitu. Ez duzu inoiz aitzindari izateko ametsik ez usterik izan, baina aitzindari izan zara: emakume, kazetari, fededun aurreratu”.
*Luis Villasante Euskararen ikergunea”, Ibaetako Tolare baserrian.