Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Ialgi hadi Posta kalera!

Ialgi hadi Posta kalera!

Amatiño 2017/01/08 00:05
“’Eguna’, edo euskara modernoaren epopeia” izenburupeko artikulu azpimarragarria idatzi berri du (Deia, 2016.XII.31) Juan Mari Aburto Bilboko alkateak. Azpimarragarria, ez delako batere ohikoa 'Eguna' egunkaria, Etxepare lehen euskal idazlea, Bilboko aurrenengo inprimategia, Sabino Arana, Bilbo Zaharra euskaltegia eta Euskaltzaindia elkarrekin, testu berean, txirikordatzea… alderdi zaharreko Posta kalean.
Ialgi hadi Posta kalera!

Posta kalea, Bilbon

Azpimarragarria, diot, oharkabean-edo ezjakina delako gertakari horiek guztiak Bilboko Posta kalearen inguruan bildu izana; eta, are azpimarragarriagoa, artikulugilea Bilboko bertako alkatea denez gero.

Edozelan ere, Bilboko Posta kalearen historia ez da edozelakoa. Etxepareren garai bertsuan, XV. mendearen amaieran sortua, inguru hartan –Askao auzoan, Teofilo Guiard historialariak dioenez-- kokatu zen Bilboko lehen moldiztegia non, 1596 urtean, argitaratu zen euskarazko lehen doktrina, Joan Perez Betolaza arabarrak itzulia.

Posta kalean bertan, hiru mende geroago, Sabino Aranak ireki zuen aurrenengo Euzkeldun Batzokija, eta inaugurazio hartan zintzilikatu zen, estreinako ere, Posta kalera begira, euskal ikurrina.

Sortu ere Posta kalean sortu zen, 1937ko Urteberri egunean, ‘Eguna’ egunkaria, eta Posta kaletik bertatik aldarrikatu zen, bizkaieraz, orduan batere ezaguna ez zen kontrapasa: “Etxepareren ames berberez kutsatuta gatoz. Eta Eguna biotz, begi eta gogoetan darabilgunok idazle zar aren kanta bero eta gartsuz didar dagigu: Euzkera, jalgi adi kanpora! Euzkera, jalgi adi plazara! Euzkera, abil mundu guztira, Eguna’ren egoetan!”.

Orobat, Posta kalearen atzekaldean dago kokatua Euskaltzaindiaren egoitza nagusia; Posta kalean finkatu zen Verdes liburudenda, “gerra aurreko eta ondoko urteetan euskararekiko eta literaturarekiko atxikimendua errotzen lagundu zuen argitaletxe mitikoa” --Aburto alkatearen hitzetan--; eta, halaber, Posta kalean dirau Bilbo Zaharra euskaltegiak, azken urteotako Bilbo euskalduntzearen lekukoak.

Hain zuzen ere, zenbait astebete barru,  Udalak plaka bat jarriko omen du, Posta kalean, jakina --17. zenbakiaren parean--, “Eguna egunkariaren epopeia hura Bilboko memoriari atxikita geratu dadin betiko”.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: