Hutsaren hurrengoa
Garrantzizkoa eta kontuan hartzekoa, benetan, aurreko larunbatean Bilbon zein Baionan bildu zen jende pila, presoen eskubideen alde agertzeko eta espetxe-politikan hainbat aldaketa aldarrikatzeko.
Presoak betidanik izan diren arren euren eskubideen jabe, zalantzarik ez gero, azken urteotako indarkeriarik ezak erraztu eta areagotu egin duela euskal gizartearen jarrera, presoak indarkeriaren aktore zuzenak ziren neurrian erabateko kontraesana baitzen euren aldeko enpatia eta atxikimendua eskatzea, ordezkatzen zuten bortxakeriak zirauen artean.
Orain, berriz, indarkeriarik ezak, zenbait presoren gaixotasunak eta guztion arteko bakea eta elkarbizikidetza eragin nahiak samurtu dezakete gizartearen jokaera.
Hau guztia, ostera, arazoaren erdia-edo baino ez da.
Ezin ahaztu, Bilbon eta Baionan larunbatean bildu zen jendetza ez dela euskal gizarte osoa, parte bat baino. Azken lau hamarkadotan borroka armatua defenditu izan zuen esparru soziologikoa zeharo tronpatuko da, beste behin… berriz ere uste baldin badu, euskal gizartearen gehiengoa dela larunbatean kaleratu zena.
Alderantziz gero, nago, euskal gizartearen gehiengoa dela, bakearen mesedetan presoez errukitzeaz gainera, indarkeria defenditu zutenen aldetik dezente autokritika gehiago itxaro duena.
Seguru asko, presoen egoera arintzeko erritmoak ez dira zenbaitek nahi eta eskatu bezain bizkorrak baina, ETAren inguruko gizarte-sektore horren gogoa, txarto egindakoa aitortzeko gogoa, hutsaren hurrengoa besterik ez da.
Eta horrela, beldur naiz, jai dago.
EUSKADI IRRATIA Albiste-faktoria
"ETAren inguruko gizarte-sektore horren gogoa, txarto egindakoa aitortzeko, hutsaren hurrengoa besterik ez da"-la diozu Amatiño. Aitzitik nik sektore horretan denetik ikusi izan eta entzuten dut, jarrera-sorta osoa: Damua, salaketa, delazioa, barkamena, autokritika epela eta beroa, babesa,ixiltasuna....Historikoki beti izan da jarrera-aniztasun hori, jakina bakoitzaren pisua aldatuz joan delarik denboran zehar. Irudipena daukat gaur egun ez dela txarto egindakoarekiko aitortza hori hutsaren hurrengoa ETA ren inguruan ibilitakoen artean. Preso urte asko egondako bateren batekin aurrez aurre tokatu ondoren,Nik neuk gatazkaren biktima eta aurkari politikokekiko enpatia-jarrera sentitu dut haien berba eta gorputz-adierazpenean. (Ibon Muñoa eibartarraren bertso-sortak irakurtzea baino ez dago).
Ikusi eta entzuten ez dudana kontrako norabideko bortizkeria politikoa babestu eta diruztatu duten sektorean. Hor,lerroak estu.