Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Kurosawaren gustuko film-zerrenda

Kurosawaren gustuko film-zerrenda

Amatiño 2011/02/13 09:00
Zerk egiten du filma on? Noiz da ona, noiz kaskarra eta noiz erdipurdikoa? Akira Kurosawari jaramonik eginez gero: “Edozein film aztertzeko teknikarik onena zinezale gisa ikustea baino ez da. Izan ere, pelikulek ez dute inork aztertu ditzan behar. Badira hainbat teoria dutenak, eta kritika egiteko gauza omen direnak. Baina ez dut uste hori zuzena denik. Jende askok galdetzen dit zer ote den filmaren garrantzitsuena; baina bakoitzak daki zer duen gustukoen eta nork bere iritzia izan behar du beste inori aditu gabe”.

Hor nonbait, sarean zehar, sekula izan diren “ehun filmik onenen” hainbat zerrenda dago. Batzuk adituen arteko inkestaz eginak, Amerikar Film Institutuak (AFI) sektore bereko 1500 eragileren artean egindakoa kasu, eta beste batzuk, berriz, denetariko zinezale, komunikabide eta internautaren artean bildutako erantzunen araberakoak. Bada, horrez gainera, Akira Kurosawak zuzendari japoniarrak utzitako zerrenda. Zine-adituek eta zine-zaleek proposatutakoak ildo berekoak dira. Kurosawak aditzera emandakoa, ostera, erabat bestelakoa.

Diferentziak nabarmenak dira. Lehen eta behingoz, Kurosawaren ehun filmik onenetako hogei asiarrak dira eta euretarik hamazazpi japoniarrak (bererik bat bera ere ez). Bestelako zerrendetan, berriz, ez da ia Asiako filmik aipatu ere egiten eta, hain zuzen, aipatzekotan, Kurosawaren bat (Zazpi samurai) edo beste  (Rashomon) baino ez.

Mendebaldeko (mundu osoa bailitzan) ehun filmik onenen zerrendetako aurrenengo hogeiren artean behin eta  berriz errepikatu ohi dira titulu ezagun beretsuak:  Citizen Kane, Casablanca, Gone with the Wind, The Wizard of Oz, Singin' in the Rain, Some Like It Hot, All About Eve, Vertigo etab. Baina horietako bat bera ere ez du Kurosawak aipatzen bere gustuko ehunik onenen artean. Mendebaldeko ohiko zerrendaburuetatik Kurosawak aukeratzen dituen bakarrenetakoak  The Godfather eta Lawrence of Arabia dira.

Han-hemenka azaltzen diren ehun filmik onenen zerrenda horietatik nik neuk %90 ikusiak ditut. Kurosawaren zerrenda miatuz gero, ostera, ezta %20 ere. Segurutik zinea zine besterik ez da, hemen eta nonahi, baina begi bistakoa da gero Hollywood eta Kurosawa ispilu bi arras ezberdinak direna, nahiz beronen ustez zuzendaririk maisuena John Ford izan eta  hainbat japoniar kritikariren iritziz Kurosawa "mendebaldezaleegi" azaldu.

Kurosawak esan bezala, “bakoitzak daki zer duen gustukoen eta nork bere iritzia izan behar du beste inori aditu gabe”. Eta, nik uste, arau hau, literaturan ere, antzeko samarreko.

                              

"Kurosawa zinemak"

Kazuko Kurosawa alabari esker dakigunez, aita zenaren ametsetako bat "Kurosawa zinemak" izeneko zine-aretoak irekitzea omen zen, berak gustuko zituen filmak bertan eskaini ahal izateko. Haren ustez, zine-areto handietan azaldu ohi diren pelikulak ez omen dira onenak izaten. Politenak zinema txikietan ematen omen dira eta, zoritxarrez, ez behar besteko egunetan. Horregatik nahi izan zuen bere zine-aretoak ireki, zinezale gazteek nahitaez ezagutu beharreko filmak ikusi zitzaten.

  

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: