Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Hogeita bost urte barruko energia-orekaren bila

Hogeita bost urte barruko energia-orekaren bila

Amatiño 2022/04/08 11:00
Edozein energia-motak, aurrera egingo badu, segurua, lehiakorra eta iraunkorra behar du izan. Segurua, etenik eta arriskurik eza bermatzeko. Lehiakorra, merkatuaren onespena erakartzeko, eta iraunkorra, ingurumena gogoan izateko.

Hiru baldintzok erabat betetzen dituen oinarrizko energiarik ez da oraindik lortu. Alegia, haize errotek ez dute etenik gabeko jarraipenik bermatzen, hidrogenoa ez da oraindik lehiakorra eta energia fosilak ez dira iraunkorrak. Beste modu batez esanda, energia-mota guztiek dute alderdi onen bat: gasak eta ikatzak etenik eza bermatzen dute baina CO2 isuritzen. Nuklearrari ez zaio C02rik jariatzen baina hondakin arriskutsuak eragiten ditu;  eta petrolioa guztiz lehiakorra da, mugikortasunean batez ere, baina ez da iraunkorra, etab.

Diru-arazorik eta ingurumen-ardurarik ez duenak bermea baino ez du gogoan izango. Ekonomia liberalak lehiakortasuna jarriko du lehentasunen zerrendan eta buruan ekologiarik besterik ez duenak, aldiz, iraunkortasuna. Baina soluzioa, inon egotekotan, hiru baldintzetan dago. Balantzaren orekan.

Azken hamarkadotan Europan indarrean izan den balantzaren oreka erabat hautsi da, Errusiak Ukraina inbaditu ostean. Lehendanik ere jakin behar zukeen arren, Europa bat-batean jabetu da inorekiko menpekotasunaz, teoriaz segurutzat jotzen zuen gas-zerbitzuaren bermerik ezaz, bermerik ezak erakarri duen energia-garestitzeaz, garestitzeak eragindako lehiakortasun faltaz eta, lehiakortasunik ezean, aurrez finkatutako ingurumen-xedeei eusteko zailtasunaz.

Erantzunik gabeko galdera zera da: gasa eta petrolioa inori erosi behar izatekotan, nola merkatuan gas eta petrolio-sailtzaileak baino lehiakorragoak izan, gas eta petrolio-sailtzaileok baino kostu handiagoak eta ingurumen-xede zorrotzagoak izanez gero?

Egoera zaila baldin bada Europan, are zailagoa Espainian eta, zer esanik ez, Euskal Autonomia Erkidegoan. Petroliorik, gasik, nuklearrik, ikatzik eta haize-errotarik gabe bizi izaterik bada, jakina, baina ez, antza, guk normaltzat jotzen dugun bezain ongi. Eta argindarra garbia da, bai, baina ez dago naturan, egin egin behar da, petrolioz, gasez, nuklearrez, ikatzez edo haize-errotaz.

Hala ere, benetakoa arazoa ez da zer egingo dugun datorren urtean, hogeita bost urte barruko belaunaldiari zein balantza-oreka utzi nahi ote diogun baizik.

EB gasik gabe, gasez inguratua.jpg.png
Urdinez, gasik gabeko Europar Batasuna. Berdez (zenbat eta ilunago gehiago) gasik duten herrialde hurbilak. Eta, ertzetan, zirkulu grisdunak, gas-erreserba gehiago dutenak.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: