Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Hogei urte geroago, edukiak darrai giltza izaten

Hogei urte geroago, edukiak darrai giltza izaten

Amatiño 2016/02/03 18:15
“Edukia da giltza. Behar-beharrezko, hil ala bizikoa da edukietan ere inbertitzea. Orain arte agintean egon den kultura edo ikusmoldea gainditu behar da. Ezin da jarraitu pentsatzen tresnak eta erremintak ordaindu behar diren bitartean, ideiak eta programak ustekabean sortzen direla, zerutik jaitsiko balira bezalaxe” (Intelektualak, telebista eta multimedia, 1997)
Hogei urte geroago, edukiak darrai giltza izaten

Azala

Aurten, honezkero, hiru dira bulegora atejoka etorri zaizkidan saltzaile gazteak, Interneteko zerbitzuak eskaintzen eta, behin eta berriz, “edukien garrantziaren” leloa hitzetik hortzera errepikatzen.

Gizarte-sareetako muinaren muina eskainiko balidate bezala datozkit, harrozko eta handi-mandi, aurrean duten zahar hau euren jostailurik berriena ulertzeko ere gauza izango ote den beldur.

Aurrez ondo ikasitako hitz-jarioaz The content code liburu berria aipatzen didate, euren barne-zalantza guztietatik libra zitzakeen segurtasun-sarea bailitzan. Eta berme hurbilagoren bat ezarri nahirik edo, azpimarratzen didate Omar Jareño aholkulari digital “ospetsua” (?), zeinek 2007an. plazaratu omen zuen, estreinako, harako aldarri biribila: El contenido es el Rey.

Konbentzitu nahi naute, nonbait, edozein webgune gutxieneko arrakastaz kudeatzeko, ez dela aski nolabaiteko pegora txukuna irekitzea eta itxurazko hiruzpalau ezarpen sarean jartzea, jakinekotzat ematen baita sarean esekitzen den guztiaren %70a ez duela inork inoiz irakurtzen. Eta webguneak, benetan, funtzioren bat beteko badu, ardatz nagusia, behinena, edukia baino ez dela.

Bapo, ba. Eskertzen diet maitekiro informazioa eta agurtzen ditut patxadaz, euren eskaintza baliotsua gogoan izan eta interesik handienaz aztertuko dudala aginduz.

Lotsa ere ematen dit esatea, 2007 urtea ia prehistoriatzat jotzen dutenei, “Edukia da giltza” delakoa 1994an entzun nuela nik aurrenengo aldiz Londresen, eta nik neuk idatzi nuela, bueltan,  “jendea ez da teknologiaz liluratzen, teknologiak eskain dezakeen edukiaz baizik”.

Lar harropuzkeria ez bada (eta baldin bada, bedi), argitaratu ere  argitaratu zen, 1997an, beste hau: “Behar-beharrezko, hil ala bizikoa da edukietan ere inbertitzea. Orain arte agintean egon den kultura edo ikusmoldea gainditu behar da. Ezin da jarraitu pentsatzen tresnak eta erremintak ordaindu behar diren bitartean, ideiak eta programak ustekabean sortzen direla, zerutik jaitsiko balira bezalaxe” (Intelektualak, telebista eta multimedia, 1997)

Segurutik harrigarri irudituko zaio hainbati konturatzea zein aspaldi heldu ginen, euskaraz, honelako gauzak esatera; baina, behar bada, are harrigarriagoa da ikustea, zein berandu heldu diren, gaztelaniaz, negozio honetatik bizi nahi omen dutenak.

Iban Arantzabal
Iban Arantzabal dio:
2016/02/03 19:16
Bai horixe! edukia, edukia eta edukia!

Aipatuko dizut Aztikerrek (Goiena komunikabideak: irakurle eta ikus-entzuleen iritziak, portaerak eta etorkizuneko joerak. 2012) egindako inkesta baten emaitza.

Lehen, gure jarduna baloratzen zen euskaraz zegoelako. Badu logika, seguruen. Lehen ez zen horrenbeste euskararik hedabideetan... Asko aurreratu dugu.

Orain (2012), hala ere, hurbiltasuna da gakoa, gertutasuna. Lotura handia du, zelan ez, edukiarekin.
"Goiena izatea positiboki baloratzen dut tokiko berriez informatuta egoteko" esaldiarekin ados eta oso ados dago galdetutakoen %98. Eta galdetutakoan euskaraz jarduteagatik ere ehuneko altua ematen du. Hala ere, gehiago jakin guran, galdetu dugu ia euskaraz izatea edo gertuko edukia izatea den garrantzitsuagoa bezeroarendako. Hauxe da adostasun maila bi esaldiekiko:

- %29,4 (211 lagun) Tokiko informazioa eskaintzea.
- %24,3 (174 lagun) Euskara indartzea
- %332 (332) Biak berdin.

Hau da, aukera egin dutenen artean garrantzia eman diote tokiko informazioa eskaintzeari. Uste dut edukien indarra azpimarratua geratzen dela.
Marijo Deogracias
Marijo Deogracias dio:
2016/02/23 20:20
Asko gustatu zait 1994an Londresen entzundakotik esan zenuen esaldia “jendea ez da teknologiaz liluratzen, teknologiak eskain dezakeen edukiaz baizik”.
Ondo baderitzozu gorde egingo dut, tesi-proiektuan darabilgun asmoarekin bat dator-eta.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: