Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Hobe omen sagu-burua lehoi-buztana baino, baina kontsolamendu latza

Hobe omen sagu-burua lehoi-buztana baino, baina kontsolamendu latza

Amatiño 2023/05/24 08:15
Euskal Autonomia Erkidegoaren azken langabezia-datua (%8,44) 1981etik honako lau-bost hiruhilekorik onenetakoa izan da. Nafarroan (%12,13), ostera, azken 43 urteotako datuak erkatuz gero, sarriago izan dira hiruhileko hobeak, txarragoak baino. Eta Iparraldean, berriz, txaloak jotzeko bezain ona.

2023lehenPAEuskadi, langabeziarik murritzena duen autonomia

Frantzia

Aurtengo lehen hiruhileko datuen arabera, Euskadi (%8,44), Aragoi (%8,94) eta Kantabria (%9,29) izan dira ehuneko hamarretik beherako langababeziaz suertatu diren hiru espainiar autonomiarik bakarrak. Estatuaren batez bestekoa, berriz, %13,26.

Hartara, Euskadi (%8,44) da espainiar autonomien artean langabeziarik txikiena duena; eta, aldi berean, Espainia (% 13,26),  Europar Batasunaren barrutian, langabeziarik handiena duen Estatua.

Hobe omen da sagu-burua izatea lehoi-buztana baino, baina beti ere komenigarri, badaezpada, perspektibarik ez galtzea.

Pirinio Atlantikoetako datuak

Izan ere, Frantziarekin (%7,1) alderatuz gero, ez dira bereziki ondo geratzen Euskal Autonomia Erkidegoa (%8,44) eta Nafarroa (%12,13); eta, are gutxiago, Ipar Euskal Herria eta Biarno bikotearekin (%5,7)  parekatuz gero.

Izan ere, Hego Euskal Herriko nahiz Espainiako langabezia-daturik onena Arabak (%6,35) ageri duen arren, hobea dager mugaz handiko Pirinio Atlantikoetako  (%5,7) departamenduak. 

Isilik misilik, sarri asko goitik behera behatu ohi dugun Iparralde hurbilak  honako Hegoalde honek baino datu hobeak ematen ditu, langabeziaz behintzat. 

Frantziako mapan nabari denez, Ipar Euskal Herriak eta Biarnok elkarrekin osatzen dute, Akitanian zein Pirinioen ipar isurialde guztian, langabeziarik gutxien duen departamendua. Batek daki Hegoaldea sagu-burua ote den, baina Iparraldea, lehoi-buztana ez ezik, lehoi-burua da.

Ondo dago geure datuak Andaluzia edo Extremadurakoekin alderatzea, eta onenak garela sinestea. Baina, lantzean behin baino ez bada ere, Iparraldekoekin gonbaratuko bagenitu?  

* Birritan pentsatzeke besterik uste arren, horra non, Frantziako iparraldean (Belgikako eta Luxenburgoko mugaldeetan) eta Mediterraneoko itsasaldean (Languedoc, Rousillon eta Proventza), langabezia Pirinio Atlantikoetan baino handiagoa den. Eta daturik txarrena, berriz, Frantzia europar osoan (antzinako kolonietan izan ezik), Ipar Katalunian. Bretainiaren gainean azaltzen den "laukotea" Paris hiriburuaren inguruko barruti-banaketa da. 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: