Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Hobe berandu, sekula baino

Hobe berandu, sekula baino

Amatiño 2018/01/09 08:00
Gaur bezalako egun batean, orain dela hogei urte, ordu honetan bertan, goizeko zortziak bost gutxitan, ETAk Jose Ignazio Iruretagoiena erail zuen, autoz lanera zihoala, eserleku azpian jarritako lehergailuaz.

Zarauztar peto-petoa eta Alderdi Popularraren zinegotzi, Jose Ignazio Iruretagoienak 35 urte besterik ez zituen. Ezkondua zen eta sei hilabete eta hiru urteko bi semeren aita.  ETAk hil zuen Iruretagoiena, PPko zinegotzia zelako, euskal herritar guztion izenean eta auskalo zein iraultzaren mesedetan. Benetan, ikaragarria gero, orain ezin sinesteko modukoa.

Hogei urte geroago, gaur arratsaldean, Zarauzko alkateak eta zinegotzi guzti-guztiek, salbuespenik gabe, aho batez adieraziko dute krimena baino ez dela inor hiltzea arrazoi politikoengatik. Eta sekula ez duela justifikaziorik izan inor hiltzeak, ez Jose Ignacio Iruretagoiena eta ez beste inor hiltzeak. Ez dela orain justua, baina ezta orduan ere.

Hain zuzen, datorren ostiralean, urtarrilaren 12an, 30 urte beteko dira Eusko Legebiltzarreko alderdi guztiek, ezker abertzalea izan ezik, elkarrekin sinatu zutela Ajurianeko Ituna, zeinetan aurrenengo aldiz adostu ziren orain oinarrizkotzat jotzen ditugun irizpideak, alegia:

 ETAren indarkeria ez zela espainiar Estatuaren eta Euskal Herriaren artean omen zegoen gatazkari eman beharreko, derrigorrezko, ezinbesteko, erantzuna.

 Hainbatek “ETA, Herria zurekin” kalez kale oihukatu arren, borroka armatuaren estrategia ez zela euskal herritar gehienon aldekoa, herri-borondatearen kontrakoa baino.

 Eta jokabide politikoak herritarren nahia ordezkatzen duten erakundeen baitan eztabaidatu behar direla, eta, zehatz, herritarren botoa duten alderdien artean.

Hala ere, ETAk ez zuen batere jaramonik egin eta lehengo lepotik jarraitu zuen, inor hiltzen eta sasi-salbatzailearenak egiten. Eta gaur gogoratu bezala, hamar urte geroago, Jose Ignazio Iruretagoiena hil zuen.

Geroztik, guk guztiok ere, beste hogei urte behar izan ditugu, aho batez, salbuespenik gabe, ez ikusia egiteari uzteko, ez dagoela horrelakorik egiterik salatzeko, ez zela justua izan aitortzeko, eta, denon artean, barkamena eskatzeko.

Ezin esan azkarregi ibili garenik. Baina, tira, txarrenean ere, hobe berandu, sekula baino.

EUSKADI IRRATIA. Albiste faktoria

Oharra: Testu hau goizeko zortziak bost gutxitan irratiz esandakoa da. Baikorregia, nonbait, hamabi ordu geroago ez zen-eta iragarritako batasunik gertatu. Ezta hogei urte geroago ere.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: