Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Hitzen nondik norakoa

Hitzen nondik norakoa

Amatiño 2022/05/03 14:00
@EtimosDirectos (1) deritza etimologiaren gaineko Twitter kontuari, zehaztasun zientifikoa eta zabalkunde-zentzua aldi berean biltzeko xedeaz, Shayma Filali, Israel Villalba eta Peru Amorrortu taldekideek (2) elkarrekin kudeatua. Helburu lortu samarra, antza, 100.000 inguru jarraitzaile baititu honezkero. Arrakasta honen ondorioz kaleratu berri da “La vida secreta de las palabras” (La esfera de los libros, 2022) delako liburua.

Egileok,  hezkuntza orokorrean latina eta greziera ikasteak dakartzan onurak gogoratzeaz gainera, etimologia zientziaren balioa aldarrikatzen dute --“La etimologia se ofrece como respuesta fiable para entender la formación histórica de una lengua y la propia evolución del mundo que nos rodea”--  eta, behin eta berriz, buru-belarri saiatzen dira oinarri-oinarrizko bi betekizuni erantzun beharraren beharraz. Batetik, adituei zor zaien zorroztasun zientifikoari ezinbestez eutsi nahia; eta, bestetik, irakurle arruntari ulergarri gerta dakion maila inondik ere gainditzerik nahieza.

Liburu-tituluaren azpidatziak zehazki aditzera ematen duenez –“más de 2.000 etimologías para descubrir y entender el castellano”--, gaztelania da egileon lan-hizkuntza eta, latinezko zein grezierazko iturrietatik hasita, mendetan zehar suertatu izan diren sorrerak, ezarpenak, aldaketak, moldaketak eta gainerako nondik norakoak biltzen dira hogeitaka ataletan, laurehun orrialdetan barrena.

Bildu ere biltzen dira, han-hemenka, Arabiatik zein Ameriketatik eratorritako ekarpenak, eta ijito hizkeraren (caló) nahiz Iberia penintsulako bestelako auzo-hizkuntzen (okzitaniera, barne) sustraiak, ukituak, atxikiak eta gehigarriak ere, euskara bera tarteko, ez baita alferrik Peru Amorrortu (Gasteiz, 2000) euskalduna eta, besteak beste, gaztetxotan bertsotan aritua.

Zentzu honetan, hogeitaka euskal erreferentzia eta zertzelada interesgarriren artean, biziki aipagarria Matxin de Zalba (1416) nafar errege-notarioaren gutunaren aipamena; nik neuk ez nekien “giris” (arrotza, kanpotarra) aldaeraren jatorria euskalduna (giristinoak vs karlistak) zenik; jakin ere ez nekien "mus" (jokoa) izenaren jatorria "mouche" frantsesa (3) zenik; eta beldur naiz egileak ez ote diren nahasten, Erdi Aroko Eneko izena Ignacioren jatorritzat jotzen dutenean.

Dena den, funtsean, liburu gogotik entretenigarria. Ez du, segurutik, katedrarik lortuko, baina bai, behar bada, ikasketa Klasikoak sustatzearen aldeko aipamenik jasoko. Edozein unetan, lantzean behingo gainbegiraturik merezi eta erraz irakurtzeko moduko liburua, aurretik nahiz atzetik hasi, atalka, zatika edo jauzika.

Amaieran, zorioneko 2.000 etimologien (eta gehiagoren) zerrenda.

1) @EtimosDirectos

2) Taldekideak

3) Larramendi, 1745

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: