Historia aldatu ezin izan zuen gizona
Eduardo Moreno Pertur, Francisco Mujika Pakito eta Miguel Ángel Apalategi Apala, ETAkideak, auto berean sartu ziren elkarrekin, Donibane Lohitzunen, 1976ko uztailaren 23an. Geroztik ez du inork Pertur ikusi. Ezta haren aztarrenik edo zantzurik izan ere.
Berrogei urte geroago inork ez du zalantzan jartzen eraila izan zenik. Bada hiltzaileak Pakito eta Apala izan zirela uste duenik (heriotza ospatu behintzat, ospatu omen zuten), eta bada Estatuaren estolda-zuloetako esku beltzaren eraginez izan zela susmatzen duenik ere.
Zernahi gisaz, inork ukatzen ez duena zera da: armak utzi eta politikagintzaren alde Pertur-ek egin nahi izan zuen apostua ez zetorrela bat Pakitoren eta Apalaren estrategia armatuarekin. Pertur-ek idatzi zuenez, kexu zen ETAren baitan nagusitzen ari zen giroaz: “Estos bestias <...> han transformado ETA <...> en un estado policial donde cada uno sospecha <...> del otro”. Eta haren hurbilekoei jaramonik egingo badiegu, Pertur-ek zeharo urduri ziharduen desagertu aurreko egunetan.
Pertur-ek proposatu zuen 1976an, geroztik, urteak joan eta urteak etorri, ETAren mundu horretan denek hartu duten bidea. Paradoxa bada ere, Pakitok berak 2005 urtean auzitan jarri zuen borroka armatuaren baliotasuna eta ETAren zuzendaritzak organizaziotik kanpora bota zuen.
Cui prodest?
Pertur-en tesiak aurrera atera izan balira 1976an. ETAren baitan, euskal gizartea eta politika nabarmen bestelakoak izango lirateke gaur egun. Besteak beste, 800 hildakorik ez, zertaz damutu gutxiago eta guztion arteko elkar-konpontze gehiago.
Hala ere, cui prodest? Alegia, nori egiten zion mesede Pertur-ek aurrera egin ez izanak? Nori komeni zitzaion Euskal Herriko bakerik eza? Nork nahi zuen borroka armatuak iraun zezan?
Apirilaren 17an hil da Alvaro Moreno, Eduardoren aita. Segurutik triste zendu da, orain berrogei urte norbaitek erail zuen semearen berri jakin nahirik eta jakin ezinik. Baina, aldi berean, harro, behar beste urte bizi baita ikusteko, ETAk egin duela, azkenean, Eduardo semeak berrogei urte lehenago aldarrikatu zuena.
Eduardok 25 urte baino ez zituen, baina historiak arrazoia eman dio. Edonon dagoelarik, seguru gero esan duela: “Tira, azkenean... kostatu zaie!”
Berrogei urte besterik ez. Erritmo-kontua omen... Eskerrak, gero, ez garen euren zain egon!
-- Estés donde estés, somos, hemos y vamos. Jose Manuel Bujanda "Bixar" (Deia, 2016.07.22)