Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Hirurogei urteko kazetari-lana*

Hirurogei urteko kazetari-lana*

Amatiño 2023/09/25 12:00
Duela 60 urte, 1963ko irailaren 21ean, hasi nintzen ni lanean, aitaren lanbide berean. Hantxe ikasi nuen, 18 urte bete berri, inoren arropa zikina garbitzen, tindatzen eta lisatzen. Eta aldi berean, orduz kanpo, hasi nintzen Eibarko albisteak idazten eta Donostiako “Zeruko Agia” astekarira errekadistaz bidaltzen. Gero gerokoak.

Euskal kazetaritza ikaragarri aldatu da azken 60 urteotan, Miren Jone Azurzaren magalean gerra osteko kazetaritza modernoari ekin genionetik. Mende erdi luze, haren buruzagitzaren eraginez “Zenbat Gara” saila indarrean jarri genuela “Zeruko Argia” astekarian, oraintsu Roberto Mielgok osorik bildu eta digitaldu duena, gaurko kazetaritza-ikasleek orduko “Euskal Kultura Berriaren Kronika” ezagutzerik izan dezaten.

Euskal kazetaritza ez izatetik izatera pasatu da, azken mende erdi honetan. Gogoan izan demokrazia indarrean jarri arte prentsaurreko guztiak gaztelania hutsez zirela, baita euskal gaien ingurukoak ere. Prentsaurrekoetan euskaraz galdetzeko aukera eman zuen lehena Euskaltzaindia izan zen, 1976an, eta ETB sortu (1983) zenerako Amatiñok 20 urte zeramatzan kazetaritzan. 

Segurutik teknologia-iraultza sekulakoa izan da azken bost-sei hamarkadotan, baina, aldaketarik handiena euskararen taxuzko eta ganorazko erabilpena izan da, Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera hazitako belaunaldi berriari esker. Paperez, irratiz, telebistaz, pantailaz edo sarez, inoizko mailarik handiena eta eskaintzarik zabalena dugu gaur egun euskal plazan.

Hala ere, kazetariak, aurkezleak, idazleak eta aktoreak garrantzitsuak baldin badira ere, ezin ahaztu gero, lehen ekoizle, programagile eta teknikariak. Pantaila aurrean sekula agertzen ez direnak ez baleude bastidore artean, ez genuke inoiz ezer egituratzerik izango. Dena asmo hutsa baino ez litzateke izango.

Agur eta ohore azken hirurogei urteotan euskalgintzaren eremuan lan egin duten guztiei, letretakoak nahiz teknika alorrekoak izan. Gaur egun jende gehiagok dihardu euskalgintzaren inguruan lan egiten, Irulegiko eskuaren garaietatik Gernikako Estatua indarrean jarri arte baino.

Egun, dena da orain dela hirurogei urte ez bezala. Baina bada, eta orduan baino nabarmen  hobea eta hobeto.

*Jolasean hasi (1963) eta dantzan amaitu (2023).

enpresabidea. Elkarrizketa

Kazetariak Guggenheimen
Itziar Mena, Eugenio Iriondo, David Barbero, Josu Jon Imaz, Iñaki Zabaleta, Luis Aranberri, Luis Mendizabal, Carmen Peñafiel, Patxi Baztarrika eta Amaia Goikoetxea

Kazetariak omenaldi egunean
Bilbo, Donostia eta Gasteizko kazetariak, 2023ko irailaren 21eko omenaldian.

EGA Master
Sara Calvete, M. Carmen Lauzurika, Aner Garmendia, Luis Aranberri, Iñaki Garmendia, Marina Garcia, Eduardo Urizar eta Susana Movellán

Gazte-gaztetandikan, enpresari fina, laster sortu zitzaizun, euskararen grina

Zeruko Argia Deia, beti nekaezina, ETB sortu zenun, gure lagun mina.

Bikote izan gara, Amatiño ta Imaz. Jaurlaritzan, EAJtan, lanean irrikaz.

Petronorren berriro, elkarrekin luzaz, eskerrik asko maixu, harro nago zutaz.

Esku zabal zarela, guztiek dakite,  zure bihotzak ez du, ez muga ez limite.

Agurtzean begiek, negarra dagite, hain zara miresgarri, hain zaitugu maite.

Josu Jon Imaz. Bilbon, 2023ko irailaren 21ean.

 ---ooOoo---

Oier G
Oier G dio:
2023/09/25 15:18
Ey, jubilatzen haiz azkenian?? Zorionak. Ez najenkixan omenaldixana, zorionak horregaittik be. https://www.deia.eus/bizkai[…]enaje-sociedad-7289369.html "Tipo duro y cuajado"! :-)
Amatino
Amatino dio:
2023/09/25 17:48
Urritik aurrera. Aste honetan mahaixa hustu, paperak bete, kontuak ein, ordenagailuz aldatu, jende morduari agur esan eta holakoak.

Omenaldi horretan Josu Jon egon zuan eta, barrena, iñok ustebako gauza bi ein jittuan. Batetik, bertsotan hasi hitzaldixa. Eta, bestetik, Eibarko peoria eta Luistxo aittatu.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: