Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Hirurogei urte geroago… Giuletta Masina

Hirurogei urte geroago… Giuletta Masina

Amatiño 2021/01/04 11:55
Federico Felliniren (1920-1993) jaiotzaren urteurrenez, Donostiako Kresala Zine Klubak zinema-maisu italiarra nahi izan du omendu eta, hartara, “Il Bidone” (1955) filma eskaini, Trueban. “Il Bidone” ez da “La strada” (1954) edo “Las noches de Cabiria” (1957) bezainbatekoa, baina, bai, Felliniren neorrealismoaren adierazgarrietakoa.
Hirurogei urte geroago… Giuletta Masina

Masina eta Fellini

Nik “helduentzako” zinea ikusteari ekin nionerako (1960), Bilbon, amaituxea zen neorrealismo italiarra --mugarria “La dolce vita” (1960) tituluan kokatzen dute adituek--, eta baita haren eragina espainiar zinemagintzan ere, Bardem eta Berlanga lekuko.

Adituak aditu, bada dioenik sekula zinemagintzaren historian izan den hamarkadarik “sortzaileena” 1960tik aurrerakoa izan zela. Auskalo egia ote, baina orduan 15 urte genituenontzat, behintzat, hurrengo hamarkada buru-belarri zinegintzan murgiltzeko aukera izan zen eta, zinemaren adar eta ildoetan zehar, mundura jalgitzeko abagune paregabea.

Hain zuzen ere, orduan sumatu baino egiten ez genuen arren, neorrealismoak aldarrikatzen zuen agintaritzapeko zinemagintza ofizialari* aurre egitea, folklorea eta musikalak uxatu, film erromantiko eztitsuak gainditu eta –beltz-zurian, argiztapen urriz eta benetako dekoratu zarpailetan-- jende arruntaren eguneroko helduezin eta egonezin existentzialak salatu beharra, orduko pobrezia, miseria eta baldintza onartezinak kasu, emakume eta umeenak gehienbat. Ez zen, inondik ere, Bilbon ikasten ari ginen gipuzkoarron egoera, Italiako zein Espainiako herrialde idor, elkor eta antzuena baizik, baina, antza, uste baino hurkoago sentitzen genuen bizimolde bazterreratu hura.

Nago, askorik jabetzen ez ginen arren, zinemagintza, zinema-aldizkariak, zine-forumak eta zine-klubak izan zirela gure eztabaida-txokoak** 1960ko hamarkadaren hasieran, eta Rosellini, Visconti, Fellini etab. gure ezusteko ideologoak.

Ia 60 urte geroago, Il Bidone filma amaitu eta, kredituen zerrenda pasatu ahala, Truebako eserlekutik jaiki ezina geratu nintzen, agure zahar antza errenditua, ene baitan hausnarrean edo, Giuletta Masinak, bizi balitz, zenbat urte izango ote lituzkeen orain***.

---ooOoo---

* Italia Mussoliniren faszismotik zetorren eta Espainiak frankismorik gordinenean zirauen. 

** Zinemazale-giro hark gaztelania hutsez jardun ohi zuen,  Bilbon eta Eibarren behintzat. Euskaraz hasi zen, ordea, 1963tik aurrera, Zestoan (Xabier Unanue eta Martin Ibarbia) zein Azpeitian (Xabier Arenas), eta geroxeago Lekeition (Benito Ansola). Ordu arte 'zortzian' edo 'super zortzian" ziharduten zinegile gazteek, euskaraz filmatzeari ekin zioten, Juanjo Frankok eta Juan Migel Gutierrezek, esaterako.

*** Aurten, 2021ean, ehun. 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: