Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Hiruak ziren enpresariak

Hiruak ziren enpresariak

Amatiño 2017/10/17 11:50
Datorren ostiralean, Bilboko Euskalduna jauregian, zor zaien omenaldia eskainiko zaie azken 40 urteotan ETAren mehatxua jasan duten enpresariei.

Badakit nik, “enpresari” hitza entzun bezain laster, zenbaitek deskonektatu egiten duela, berarekin zer ikusirik ez duten jauntxoen sektorea balitz bezala. Baina hori da ardurarik ezaren lehen oker larri eta interesatua. Ostrukarena egitea. Batez beste, 60.000 enpresa eta enpresari daude, gaude, Euskal Autonomia Erkidegoan, eta 160.000 inguru autonomo. Ez da kristalezko jauregitan bizi diren lau handikiren ipuina.

Nahiz hainbati komeni ez jakitea, ETAren zoritxarreko iraultza-zerga ez zitzaien, gehienetan, korporazio handien babesa zuten zuzendariei bidaltzen, inondik ere horrelakorik itxaro ez zuten enpresari txiki, merkatari, dendari eta lanbide arruntekoei baino. Iraultza-zergari ez ikusi egin arren, zurekin eta nirekin kalean topo egiten duten herrikideei eskatu zitzaien.

Eskaleak, bere burua herri-salbatzailetzat jarri, bere mehatxua herri-zerga abertzale gisa bataiatu, eta ordaintzailea, aldiz, etsaitzat, esplotatzailetzat eta zipaiotzat jo. Auskalo, joko horri zelan zaion izena, baina mafiatik ezin, gero, oso urrun ibili.

Segurutik, salatzeko ordua da, mehatxuek eragin zituzten beldurra, larritasuna eta egonezina. Are gehiago, gutunak lantegietara edo bulegoetara bidali beharrean, ETAk enpresa-buruen eta profesional liberalen emazte eta seme-alabei igortzeari ekin zionean.

Gogoratzekoa da euren burua mehatxupean ikusi zuten pertsonen bakardadea eta noraeza. Eta zein astuna, berriz, politikoen, sindikatuen, unibertsitatearen, erakundeen eta gizarte osoaren isiltasun lanbrotsua.

Gogoratzekoa, gutuna jasotzeak zekartzan askatasun-haustura, eskubide-urraketa, duintasun-galera eta triskantza psikologikoa. Bahituak izan zirenen egoera ahaztu gabe.

Gogoratzekoa, gutunak zein errukirik ezaz adierazi ohi zuen, hitzez hitz, erdara batu ederrean, “una vez pasado el plazo comenzaremos a ejecutarles”. Sobrea ireki eta idatzi hori irakurri duenak baino ez daki zer sentitzen den une horretan.

Gogoratzekoa, Iparraldera ardi galduaren pare joan eta zerga-eskaleari, aurrez aurre, bere arrazoiak derrigorrez ontzat eman behar izateaz gainera, haren tonua, hoztasuna, matonismoa eta sasi-gailentasun abertzalea irentsi beharra.

Eta, ezin ahaztu, Iparraldera joateko, noiz eta nora joan jakiteko, zein erraza zen, norberaren herritik atera gabe, hitzordua asmatzeko gai ziren lagunak aurkitzea. Oraindik ere kalean topo egin eta, 'salau' asko, epaaa! agurtzeko gauza direnak, ezer gertatu izan ez balitz bezala.

Txarrekoa da, bai, bakardadean kontatu ezin, kexatu ezin eta garrasi egin ezin izan zuten biktimen zoria. Frantziak soldadu ezezaguna asmatu zuen. Euskal Herrian, berriz, biktima ezezaguna patentatu genuen. Hori bai, aberriaren eta askatasunaren izenean. Onenak gara.

Baina, txarrenean ere, nik kontatu egin dezaket. Nire hiru lagun, bidean garbitu zituzten. Hiruak ziren enpresariak.

Euskadi Irratia. Albiste faktoria

pello
pello dio:
2017/10/17 19:43
Beste batzuk, TXEMA AGIRRE adibidez ahaztuen tartean sartu dute gure agintariek. Agian, ez zuen mailarik eman biktima titulua lortzeko. Bera izan zan, Guggenheineko atentatu izugarria zapuztu zuena gogoratu, 12 lehergailu jartzeko asmoa zutela. Zer gertatuko zan lehergailu haiek PUMM egin izan bazuten? Bere biziarekin zapuztu zuen saiakera ura eta, gaur egun, inor ez da gogoratzen artaz.
Horrelakoak gara.
Euskalduna seguruenik bete egingo da. Eusko jaurlaritzatik ere norbaitzuk seguru joango direla agian, lehendakaria ere bai.Empresariek hori eta geiago merezi dute baino, agian berandu xamar dator. Non egon gara urte latz haieta¡¡ Bakar bakarrik utzi geniruen gure empresariak, salvese quien pueda esanez. Orain dena errez egiten da ETAri ateak itxi dizkiotelako orain, denok laguntzeko prest. Ze maltzurrak geran.
Horrelakoak gara.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: