Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Hiru jarrerak

Hiru jarrerak

Amatiño 2012/09/30 16:55
Ez da ziurrenik unerik ezegokiena gogoratzeko, Eusko Legebiltzarrak 1990eko otsailaren 15ean egindako adierazpena: “Euskal Herriak bere autodeterminaziorako eskubidea du”. Hona, EAJ/PNVk, EAk eta EEk elkarrekin (38 botu) adostutako aldarria. Aurka erabaki zuten PSE/PSOE, PP eta CDS alderdiek (23) eta HBren parlamentariek (13) biltzar-aretotik alde egin zuten bozka-orduan.

Auskalo azken hamarkada biotan autodeterminazio-eskubidea aldatu ote den, baina bai, nabarmen denez, zenbait alderdi abertzaleren egoera. Itxura guztien arabera, gaur egun Eusko Alkartasunak HBren oinordekoen ildotik jotzen du eta Euskadiko Ezkerra, berriz, Alderdi Sozialistaren baitan urtua dago.

Ez da, antza, EAJ horrenbeste aldatu, Iñigo Urkulluk behin eta berriz aditzera ematen duena bat baitator orduan Eusko Legebiltzarrak onartutako lau puntuekin, alegia: 1- Euskal Herriak bere autodeterminaziorako eskubidea du. 2- Autodeterminaziorako eskubidearen erabakiak Euskadi nazio mailan, demokraziaz, osatzea du helburu. 3- Indarrean dagoen Autonomia Estatutua nahiera horren adierazgarri da, mailaz mailako burujabetza handiagoaren aldarri eta ahaleginetan. 4- Politika-pentsakera guztiak dira bidezko herritarron ordezkaritza duen Eusko Legebiltzarrean eta beronek du xedetzat euskal herritarren helburuak lortzea.

Garai hartako legebiltzar-agirien arabera, proposamenak osoko emendakin bi jaso zituen, erabat kontrajarriak. Batetik, Julen Guimonek, PPren izenean, nazioarteko lege, ahalmen eta zentzu guztien kontrako adierazpena zela argudiatu zuen. Bestetik, Iñigo Iruinek, HBren ordezkari gisa, huskeriatzat, arinkeriatzat eta iruzurkeriatzat jo.

Ohiko hiru jarrerak, hots: mutur batekoen ustez, ezina da, ez da legezkoa, ez du etorkizunik. Beste muturrekoen ustez, ordea, dena gaur, orain eta hemen. Eta erdian berriz, bai, baina urratsez urrats. Eta gezurra lirudikeen arren, hiru jarrerek dituzte euren jarraitzaileak. Zilegi asko, jakina.

Urkullua Mas

Iñigo Urkullu eta Artur Mas, herenegun Bartzelonan, elkarrekin atera nahi izan zuten argazkian

Euskal Herriaren autodeterminazio-eskubidea

III. legegintza-aldia. nº B-IV-134-135 (d) alea/26-2-90

Legez bestekoaren saloa

Euskal Herriak autodeterminaziorako duen eskubideari buruz (Osoko Bilkuraren erabakia)

Eusko Legebiltzarreko Lehendakaritza

Eusko Legebiltzarrak 1990.eko otsailaren 15ean egindako agizko bilkuran, Euskal Herriak autodeterminazioari buruzko legez bestekoaren saloa onartzeko erabakia hartu zuen.

Indarrean dagoen Legebiltzarraren Araudiko 97. atalak agintzen duena egiteratuz, Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratu dadila agintzen da.

Eusko Legebiltzarraren egoitza

Vitoria-Gasteiz, 1990.eko otsailak 16.

Eusko Legebiltzarreko Lehendakaria, Jesus Egiguren Imaz

Maximo Goikoetxea Ferreiro, Eusko Legebiltzarraren Mahaiko Lehen idazkariak, honako hau egiaztazen dut: Eusko Legebiltzarrak, mila bederatzirehun eta larogeita hamargarreneko otsailaren hamabostean balio osoz egindako Osoko Bilkuran, Eusko Abertzaleak-Nacionalistas Vascos eta Euskadiko Ezkerra Legebiltzar Taldeek autodeterminaziorako duen eskubideari buruz aurkeztutako legez bestekoaren saloari eta Eusko Alkartasuna Legebiltar Taldeak aurkeztutakoari eta hauei Herri Batasuna, Askotariko-PP eta Euzko Abertzaleak -Nacionalistas Vascos, Eusko Alkartasuna eta Euskadiko Ezkerra legebiltzar taldeak egindako osoarekiko zuzenketa-eskeei buruzko eztabaidaketa egin ondoren, legez bestekoaren saloa, jarraian hitzez hitz ematen denez onartzeko erabakia hartu zuen:

"Eusko Legebiltzarrak honako hau aldarrikatzen du:

1.- Euskal Herriak bere autodeterminaziorako eskubidea duela. Eskubide hau bertako biztanleek bere politika, ekonomi, gizarte eta kultur egoerari buruzko erabakia, bai bere buruari berenezko politika -esparrua emanez nahiz bere burujabetasuna, bere osoan nahiz bere batean, beste herriekin baterakoa izanez, askatasunez eta demokrazi bidez hartzeko duten ahalmenetan datza.

2.- Audeterminaziorako eskubidearen erabakia Euskadi nazio mailan osatzea duela helburu. Alde honetatik, nazio mailan osatzea aurrerabide bizia da, mailaz-mailakoa eta demokraziazkoa da, erabilera horren osagarri Euskal-Herria, kondaira-gune bakoitzaren barne eta kanpotikako baldintzei dituen benetako aukerei eta euskaldunen onari arreta eginez, kondairan zehar hartuz joan dadin erabaki guztiak, hala behar denetan, hauteskunde-bidezkoak barne, izanik.

3.- Euskal herritarrek askatasun osoz sendetsitako itunearen ondorio den Autonomi Estatutua herri horretako gehiengoaren elkartze-gune eta euskal gizarteak, burujabetza lortzeko eta pakezko elkar bizitza erazkotzeko, kondairagune jakin batean beretzat hartzen duen lege-esparrua, eta beraz, Euskal-Herriaren nahiaren bidezko adierazgarri dela. Alde horretatik, estatutu bidezko jokabidea eta, Estatutuan ematen diren eduki guztiak eta bakoitza erabat eta leialki betez, burujabetza haundiagoa izanez joatea dira euskal herritarrentzat euskal gizarteko arazoei konponbide arian-arian emanez joateko eta Euskadi nazio-mailan aurrera egiteko baliozko esparru.

4.- Norbere buruari buruzko erabakia askatasunez hartzeko eskubide honen jabe Euskal Herria izanik, oraingo politika-erakuntzaren arauera dituen ordezkotza izenezko erakundeak eta berezeki, Eusko Legebiltzarra direla, herritarren burujabetasuna horien esku utzita dagoenez, eskubide hori erabiltzeko gaitasuna duten bakarrak. Alde honetatik, demokraziaz aditzera emandako politika-pentsakera guztiak dira bidezko legebiltzar-esparruan, bai horien aldezpen egiteko eta bai, hala badagokio, edozein eskabide lege-erakuntzan sartzeko ere. Horrela bada, bidezko zaio hala behar izanez gero, horretarako ezarritako ihardunbideei jarraiki, egoki deritzon era guztietako eraberrikuntzak aurkeztuz euskal herritarren helburuak lortu ahal izatea xede izan lezaketen arioak suztatu eta horiei buruzko erabakiak hartzea."

Eta erasota gelditu dadin, honako egiaztagiri hau egiten dut. Eusko Legebiltzarreko Lehendakari jaun txit gorenaren oniritziarekin. Vitoria-Gasteizen, mila bederatzirehun eta larogeita hamargarreneko otsailaren hamabostean.

Mahaiko Lehen Idazkaria, Maximo Goikoetxea Ferreiro, ongi deritzot.

Eusko Legebiltzarreko Lehendakaria, Jesus Egiguren Imaz.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: