Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Hilma af Klint kasu, pintura abstraktuak ez du aitarik, ama baino

Hilma af Klint kasu, pintura abstraktuak ez du aitarik, ama baino

Amatiño 2024/12/16 09:00
Vasili Kandinsky handiak harro asko adierazi zuen, 1935an, historiako lehen pintura abstraktua berak 1910ean egindako akuarela zela. Maisu errusiarra 1944ean hil zen jakitzeke, inoizko lehen margolan abstraktua Hilma af Klint suediarrak burutua zela 1906 urtean. Af Klint ere 1944ean hil zen eta, hartara, denbora izan zuen kontrakorik adierazteko, baina ezer esateke zendu zen. Hilma af Klint emakumea zen, eta isilkorra. Nahikoa zuen bere buruarekin.
Hilma af Klint kasu, pintura abstraktuak ez du aitarik, ama baino

Hilma af Klint

Egia esan, inork gutxik zekien 1986 arte Hilma af Klinten (1862-1944) ekoizpen abstraktuen berri. Ez zen bere artelanak jendaurrean azaltzearen zale, eta egindako eraskusketa apurretan hasierako lan figuratiboak baino ez zituen erakutsi izaten. Gainera, beldur zen ez ziola inork ezer ulertuko, eta azken borondateen artean agindu ere agindu zuen ez zitezela hil osteko bi hamarkadetan jendaurrean azaldu.

Hogei urte ez ezik, berrogei ere pasatu ziren. 1986 urtean, The spiritual in Art: Painting Abstract. 1890-1985 erakusketa antolatu zelarik, beste edozenbat pinturaren artean, Hilma af Klinten hainbat plazaratu ziren estreinako. Harrezkero pintura abstraktuak ez du aitarik, ama baizik. Af Klintek abstrakzioaren aintzindaritza kendu dio Kandinsky mitikoari, haren emaitza gero eta balioetsiagoa da arte-munduan eta, besteak beste, 1919an New Yorkeko Guggenheim museoan aurkeztu zen Hilma af Klint: Paintings for the Future bildumak 600.000 bisitari izan zituen, duela 60 urte museoa ireki zenetik bisitaririk gehien izan duen erakusketa, hain zuzen.

Ildo horretatik doa, bete-betean, Bilboko Guggenheimen aurreko urrian ireki eta urtarrilaren 22 arte zabalik iraungo duen erakusketa. Ikusi beharreko horietakoa da. Etxeko neskato eta mutikoekin batera ikustekoa ere. Sarean behar hainbat informazio dago aldez aurretik hartaz jabetzeko eta  ez dago batere arrazoirik orain ehun urte Hilma af Klintek sumatzen zituen mamu ulergaitzen beldur izateko.

Juan Luis Goenaga zenari entzunda dakigu,  pintura ez dela ulertzeko literaturaren laguntzarik behar duen arte-diziplina. Hau da, zer gerta ere, adituek, kritikoek edo irakasleek esanak esan, pintura dela, lehen eta behingoz, ikusteko, behatzeko, sentitzeko eta azalpen beharrik gabe barrundatzeko arte ederra. 

Nago, eta hau nire lizentzia ausarta baino ez da, Hilma af Klint beldurtiago zela jendeak ez zukeelako ulertuko bere pinturen nondik norakoa –ideiaren, sormenaren eta garapen-prozesuaren katea— amaierako irudi soil eta sotila ulertu ezinagatik baino. Hilma af Klint  intelektuala zen, XIX. mendeko zientziazalea (1), eraberritzailea, anitza eta nahasia; espiritu, medium eta mistikatan sinetsi eta teosofía (2) maite zuena.

Segurutik arrazoi zuen Af Klint pintoreak sumatzen zuenean jende arruntak nekez uler liezaiokeela espiritismo hura guztia. Baina, ehun urte geroago, teosofia zer denik ere ez da jakin behar Guggenheimgo gela galantetan barrena gozatzeko eta lauki handi bezain indartsuen alboan nork bere burua txiki bezain gustura sentitzeko.

1) Senitartean militarrak, esploratzaileak eta kartografoak izan zituen. Baita guraso aberatsak ere, nonbait. Bestela nekez uler daiteke nola Hilma gaztea iritsi ote zen lan oparo hura egitera, beharrezko leku handi-mandi aproposaz baliatzeaz gainera, langintza hark oihaletan, mihisetan eta pinturatan behar izan zuen dirutza lortzera, gerp dena ezkutuan gordetzeko, gainera. 

2) Hilma af Klintek 1925 urtean utzi zion pintatzeari eta teosofiaz arduratu zen 1944ean auto-istripuz hil arte. Erakusketarik antolatzen ez zuenez, inork gutxik zekien pintorea zenik ere. Jakin zuen bakarrenetakoa Rudolf Steiner teosofoa izan zen, behingoan biltegi guztia erakutsi baitzion. Steiner zeharo txunditua geratu omen zen bat-batean ezkutupeko sorta oparo, koloretsu eta sinesgaitz hura ikustean.

Hilma af Klint
Bistan denez, emakume gaztea nagusi bisitarien artean.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: