Hil ala biziko Europa Federala
Esan gabe doa, Europar Batasuna ez zela gutiziaz, apetaz edo erromantizismoz sortu. Estatuek ez zioten gustuz amore eman euren botere eta baliabideak Batasunaren mesedetan uzteari, hala beharrez baizik.
Bi mundu-gerraren ondotik, Europako Estatuak konturatu ziren, elkarren arteko batasunak besterik ezin zuela etorkizuna segurtatu. “Segurtasuna eta defentsa dira, agian, txanponarekin batera, Estatuen subirotasunaren azken mugak” (Mikel Anton Zarragoitia. Eusko Jaurlaritzaren Euskal Gaietarako zuzendaria),
Zazpi hamarkadaren ondotik, esperientziak frogatu du, elkar-ekonomiaz, moneta batuaz eta mugarik ezaz gainera, egiazko kanpo-politika, segurtasun eta defentsa batuak baino ez duela, luzera, Europar Batasuna bermatuko.
Arrazoi nagusi birengatik, batez ere:
Estatu-burujabetzak indarrean badirau, zergatik Estatu bateko hiritarrek barneratu behar dute beste Estatu baten segurtasunaren defentsan atera beharra, nahiz europarra izan? Izan ere, europar hiritarrek guztion segurtasun amankomunatua defendituko dute komunitate politiko batu baten parte sentitzen direnean. Beste modu batez esanda, europar defentsa komuna, europar komunitate politikoaren ondorio naturala baino ez litzateke.
Orobat, antzerako dirudien arren, ez da berdin europar komunitatearen defentsa eta segurtasuna aldarrikatzea edo europar Estatuen defentsa eta segurtasuna gogoan hartzea. Lehena Europa federalaren defentsa komuna da. Bigarrena, aldiz, munduan gero eta garrantzi gutxiago duten hainbat Estatu auzokide eta zaharkituren biziraupena.
Mikel Anton Zarragoitiaren ustez “ulergarria da Estatuek, segurtasuna eta defentsa bezalako esparru batean, aurrera egiteko duten mesfidantza, edozein urratsek subiranotasuna lagatzea baitakar. Hala ere, egin daitekeen galdera da ea subiranotasun horrek, Estatu-nazioen eremuan gauzatuak, birtualtasunik ba ote duten mundu interkonektatu eta interdependente batean.”
Arriskua da –eta tentaldi mortala— Estatu bakoitzak bere “autolaguntza” plana egitea, tsunamia noiz etorriko eta zein gibeletatik joko zain. Irtenbide bakarra, ostera, Europa Federala osatzea.
Zalantza da, 1950eko hamarkadan –eta geroztik— ez bezala, Estatu europarrak gauza izango al diren burujabetza klasikoari muzin egiteko ala, denon artean, Europa benetako Batasun federal bat bilbatzeko giharrik erakusteko lain izango ote den, kanpo-politika, segurtasun eta defentsa bat eta bakarraz.