Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Herrialde nomada

Herrialde nomada

Amatiño 2021/04/01 09:55
Honezkero Urrezko Lehoia irabazi du Veneziako Zinemaldian eta publikoaren saria merezi, Torontokoan. Horrez gainera, hamabosten bat goraipamen jaso ditu, han-hemenka, 2020 urtean zehar, eta edozenbat nominazio eskuratu, Oscar (6), BAFTA (7) eta Urrezko Globoak (2) sariketetarako. Hau guztia gutxi bailitzan, gure Begoña del Tesok zati baterako “La gran película americana” bezalakotzat kalifikatu du.
Herrialde nomada

Frances McDormand

Jessica Bruder kazetariak idatzitako nobelaren (Nomadland: Surviving America in the Twenty-First Century) espirituan oinarritua, Chloé Zhao zuzendariaren Nomadland (Landa nomada) delako filma da “amerikar ametsaren” kritika latza, non, behingoz, biktimak ez diren migratzaileak, beltzak edo bestelako minoriak, amerikar sistema kapitalistak euren gisara uxatutako WASP (White Anglo-Saxon Protestants) peto-petoak baizik, egun nekez ones daitezkeen higiene-faltaz eta mediku-zerbitzurik ezaz. 

Ezaguna da estatubatuarrek euren jaioterriari omen dioten atxikimendu urria, eta, orobat jakina, gazteek zein agudo alde egiten duten gurasoen etxetik; baina, film honetan, nomadak ez dira ez gazteak eta ez mundu-berri-bilatzaileak, hirurogeitaka urteko langabetuak baino, euren pentsio edo diru-iturri murritzez ezin dietenak ganoraz aurre egin ezelango hipoteka, diru-mailegu edo gutxieneko gastuei. Hain zuzen ere, benetako askatasuna zera omen: sistemaren morrontza horri muzin egitea. 

Filmak XIX. mendeko western-looka gogorarazten* digu, alde ikaragarri batez, hori bai: far-west aldera zalgurditan abiatu ziren kolonoak etorkizun itxaropentsu zain atera ziren bitartean, XXI. mendeko hirugarren adineko langebetuak furgonetaz doaz, ezelango etorkizunik gabe, alde batetik bestera, non lan-aukerarik txikiena aurkituko, aldez aurretik soldata urria jakinekotzat jota eta prekarietatea lan-modu bakartzat. Orduko epikak eta oraingo mixeriak elkarren antza dute, baina antipodetan daude. 

Zentzu honetan, Dakotako nahiz Nebraskako lur-eremu garau antzuek zein Amazon konpainia banatzailearen biltegi galant eta erraldoiek ezin hobeto adierazten edo islatzen dute basamortura erbesteratutako hiritarraren malurra. Nabarmen, bestalde, zeinen hertsia izan daitekeen sistema barruan eta sistemaz kanpo bizi direnen arteko arrakala. Edo, beste modu batez esanda, zein txikerra izan daitekeen –non-eta,  munduko Herrialderik aberatsenean, Trump nagusi den estatuetan peseski-- klase ertainaren eta etxerik gabeko landa-nomaden arteko tartea.

Dena den, hasieran aipatu bezainbateko onespen, meritu eta kritika on sorta  erabat ukatzeke, nago ez ote den kontakizun luzetxo, aspergarri eta errepikakor samarra. Hau da, 2008ko krisialdiak Estatu Batuetako Midwest-eko herrialdeetan eragin zuen hondamendiaren lekuko 110 minutuko fikzioa egin beharrean, ez ote zitekeen aproposagoa, 75 minutuz, benetako dokumental sendo eta zindoa egitea. Are gehiago kontuan hartuta, bertan parte hartzen duten protagonistarik gehienak benetako momadak direla, fikziozko aktoreak baino, egiazko nomadak alegia. Baina Jessica Bruderrek, kazetaria izaki, nobela egin bazuen, Chloé Zhaok zinegileak nekez egin zezakeen haren hariaz kazetaritzarik.

Mundiala fotografia (Joshua James Richards), apartekoa musika-hautua (Ludovico Einaudi) eta, erabat sinesgarria, Frances McDormand, Fern protagonista gisa.

* Baita ere, XX. mendearen hasieran Idaho, Wyoming edo Montana estatuetan zehar barreiatu ziren euskal artzainen "sheepwagon", "ardikanpo" eta "karrokanpo" izeneko gurdiak ere.

Frances Nomadland
Nomadland: nomada-landa ala landa nomada ote?
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: