Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Muga-mugako herri xarnegua

Muga-mugako herri xarnegua

Amatiño 2023/05/01 09:35
Euskaldunok, guk geuk ere, askorik ezagutzen ez dugun arren, gure arteko muga-herririk nabarmen zaharrenetakoa da Bidaxune. Baxenabarreko ipar-iparrean, Landetako zedarrietan, gaskoien eremuan, non xarnegu hitza, zentzu txarrekorik ez ezik, berezkoa den.
Muga-mugako herri xarnegua

Missabe sinagoga

Haranburu etxea
Haranburu etxea

Garai batean, orain ia mende erdi-edo, sarri samar pasatu ohi ginen bertatik, Pirinioetako mendikadetatik bueltan. Autopistarik ez zelarik, Oloroetik Baionara bidean, Biarnoko Nabarrengose, Salbaterra, Bastidaxarre eta Ezkozen (1) barrena. Bidaxune, ziztu bizian gurutzatu izaten genuen, bi karriketako batetik, sekula ezertarako ere gelditzeke, nahiz beti, errepidetik begi bistan zegoen kristoren gaztelu zaharra zer arraio ote zen jakin-minez geratu.

Bidaxuneko gaztelutzarra ez dago, ordea, Biarnoko sarreran, Landetakoan baino. Biduze erreka gaineko zubia gurutzatu Euskal Herrian sartzeko eta, aldats gora hasi bezain laster, ezkerraldean dago Mulari deritzon sekulako muinoa non, XI. mendean, Agaramontarrek eraiki zuten muga babesteko gotorlekua. Hurrengo mendean, 1203 urtean, bertako jaunek eta inguruko 27 zalduntxok men egin zioten Nafarroako Antso VII.a Azkarra erregeari eta, giro hartan, jatorrizko eraikina erabat gaztelutzartu.

Hirurehun urte geroago, 1523an., Gaztelako tropek gotorlekua mederatu zuten eta, ondorioz-edo, 1530an., Baxenabarre osoa Frantziako Koroari lotu zitzaion. 1793an., ostera, Frantziako Iraultzaren altzopeko  matxinatuek sua eman eta kiskali omen zuten. Geroztik bertan dirau, isilik-misilik, erdi biluzik, turismoaren iraultzak noiz magalean hartuko.

Saint Jacques karrikatik, portura, juduen hilerrian zehar

Esan bezala, Bidaxunek kale nagusi bi ditu. Bata, errepidearenak egiten dituena,  gaztetan erabiltzen genuena; eta bestea, paraleloan, hiri-barruan, Santiago-bidea, guk inoiz ikusi ez arren, bai ala bai ezagutu beharrekoa.

Santiago eliza nagusitik hasita, ezker-eskuinez ikus daitezke euskal etxe peto-petoak, XVI. mendeko atebururen bat, XVII. eta XVIII. mendeetan juduen sinagoga izandako Missabe ataria eta, kalea amaitze aldera, noizbait mendebaldeko irteera izan zen aparteko Haranburu etxea, arkupe eta guztikoa.

Kalea amaitu bezain lasterreko biribilgunean, berriz, bisitariari adierazten zaio, aurrez aurre, ezusteko seinalea, itsasotik 33 kilometrora: “Portua” (2). Maldan behera jo, ezkerraldean juduen hilerria bertatik bertara ikusi (hobiratuen izenak hebreeraz) eta, ehun metrora baino ez, ibai-portuaren harmailak, ur handi nahiz txikietara egokitzeko tankeran. 

Donostiako itsas-irteera galdu ostean, 1250 urtetik aurrera, Nafarroako Erresumak Baionarainoko ubidea moldatu behar izan zuen, Biduze eta Aturri ibaietan barrena. Baita inguruko harrobietan bildu ohi den “Bidaxuneko harri” (3) berezia garraiatzeko ere.

Ateburua
Ateburua

Xarnegu jatetxea

Bidaxunen bada non hautatu bazkaltzeko. Baina, aukeran, pilotalekuaren aurrean dago Xarnegu jatetxea, non txukun eta ez garesti otordua egiteaz gainera, mahakidea jabetuko den xarnegu hitzak nekez izan dezakeela zentzu txarrik. Izan ere, Bidaxunen behintzat, ezer izatekotan, gehienak baitira, gutxi zein asko, xarneguak (4).

(1) Euskaltzaindiaren araberako euskal izenak.

(2) Bidaxuneko hiri-seinaleak frantsesez, gaskoiz eta euskaraz dira, nahiz Bonapartek euskalkien mapa egin zuenerako (1863), euskara galdua izan (ikus "Bidaische" gaskoiz). Zenbait etxe berriren izenak, ordea, euskaldunak ageri dira egun.

(3) Kare-harri mota oso gogorra, silexezko zain urdinxkekin.

(4) “Fils de basque et de gasconne ou de basquaise et de gascon”. Pierre Lhande. Paris, 1926. 

Bidaxune Mikel
Ibai-portua
Agaramont gaztelua
Agaramont gaztelua

.

Juduen hilerria
Juduen hilerria
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: