Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Beethovenen “zazpigarrena"... herri-musika

Beethovenen “zazpigarrena"... herri-musika

Amatiño 2020/08/22 20:00
Zazpigarren Sinfonia ez da jadanik Beethovenen konposizio klasiko soila, entzuleria handien herri-musika ere baizik, Urelepeko artzainarena honezkero Xabier Leterena baino zerbait gehiago den bezalaxe.
Beethovenen “zazpigarrena"... herri-musika

Juanjo Mena zuzendari gasteiztarra

Herri-musika eta musika jantzia kontrajarriak izan dira oraintsu arte. Eta, alderantziz, herri-musika eta tradizio-musika sinonimoak izan ziren XX. mende arte. Gaur egun, ordea, herri-musika ez da “jatorrizko” folklore-musika hutsa, baita hedabideei eta teknologia berriei esker zabalkunde handia duen musika arin guztia ere. Eta, ildo beretik, nago, musika jantziaren hainbat eresti klasiko uste baino herrikoiagoak direla, Ludwig Van Beethovenen Zazpigarren Sinfonia, adibidez.

Segurutik, hau adierazi eta, irakurlerik gehienei ez zaie Beethovenen “zazpigarrenaren” batere doinurik itsumustuan bururatuko, baina, postura egingo nuke, sinfonia honen lau mugimenduetako edozein ezustean jarri eta irakurlerik gehienak ahapetik kantatzen jarraitzeko gauza izango liratekeela.

Areago, doinu ezagun samarra marmarrean dihardutela kantatzen, zer musika ari ote diren ahopean abesten itaunduz gero, ziur egon inork ez lukeela asmatuko ez soinuaren izena eta ez egilearena. Eta, gauzak honela, ni ausartzen naiz galdetzen: hori ez baldin bada erabat metabolizatua dugun “herri-musikaren” isla edo ispilu, zer arraio da ba?

Seguruenik Beethovenen hirugarren sinfonia dateke iraultzaileena; behar bada, ospetsuena bosgarrena litzateke eta, pasarterik herrikoiena duena, bederatzigarrena, Miguel Riosen “Himno a la alegría” (1970) eta Europako ereserki ofiziala (1972) lekuko. Baina, jakineko zati bereziren baten gainetik, sinfoniaren bat baldin badago, nahiezta edo ezjakinez, osotasunez edo neurri handi batez, jendeari ezagun egiten zaiona, hori zazpigarrena da.

Hartara, ez da harrigarria Zazpigarren Sinfonia hau hamarren bat filmetan jasoa izatea eta, ezin ezustean gertatu, hamar aukera horietatik zazpitan, bigarren mugimenduren hautua egin izana.

Alegia, Zazpigarren Sinfonia ez da jadanik Beethovenen konposizio klasiko hutsa, entzuleria handien herri-musika ezaguna baizik, Urelepeko artzainarena honezkero Xabier Leterena baino zerbait gehiago den bezalaxe.

Horra zergatik, besteak beste, aurreko asteartean, Donostiako Hamabostaldiaren programaren baitan, Beethovenen Zazpigarren Sinfoniak liluratu zituen entzuleak eta  sekulako arrakasta lortu. Euskadiko Orkestra ona da, bai; Juanjo Mena zuzendaria, oso ona, baita; eta Beethoven, onena-edo onenen artean. Baina, zernahi delarik,  beronen Zazpigarrena da herritarren belarrietara samurren iristen direnetakoa. Belarrietara, lehenik; burura, gero; eta bihotzera, azkenik.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: