Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Herri memoriaduna

Herri memoriaduna

Amatiño 2017/07/18 16:20
Zenbat izan ote daitezke, denera ere, euren bizitza guztian zehar benetako menhirrik edo cromlechik noizbait ikusi duten euskaldunak? Eskerrak gero, herri memoriaduna garena…
Herri memoriaduna

Bi metroko garaiera eta beste bateko sakonera

Italian ez dute historian zehar bildutako “harri zahar” guztiak jagoteko besteko dirurik. Eta Estatu Batuetan, ostera, dirutza handiak ordainduko lituzkete edozein italiar bazterretan galzorian lagata dauden arkeologia-hondakinak itsasoz haraindi eraman ahal izateko.

Hainbat amerikarri jaramonik egingo badiogu, Europan ez omen dugu behar beste balioesten inguruan dugun ondarea. Ziurrenik, gehiegi edukitzeari datxekon ajea...

Batek daki Euskal Herrian dugun arte-ondarea handia ala txikia ote den. Erantzunak zer ikusi askorik izango luke, behar bada, Italiako ala Estatu Batuetako estandarrekin alderatuko bagenu. Nago, edozein modutan, ez garela daukagunaz lar jabetzen.

Aurreko astean, euskal jatorriko argentinar batzuk, beraiek eskatuta, Adarramendira lagundu behar izan nituen eta, harri eta zur, ez zuten ulertzen nola arraio egon daitezkeen, Donostiatik hamar kilometro eskasera, Agerreko Zabalako lepoan, Etenetako zutarria eta harrespil multzoak.

Guretzat normal samarra dateke horrelako multzoren bat edo beste “han” egotea, eta bistakoa da ez diogula garrantzi handirik ezartzen, “betidanik” bertan izan bai baitira, baina nire mendikideek magiazkotzat jo zuten Burdin Aroko lekukoak aurrez aurre ikusi ahal izatea, museoz kanpo, eta edonork ukitzeko moduan.

Ez gero pentsa, amerikar kaskarinen kontua denik soilik. Kazetaritza eta komunikazio arloko lankide dezente ditut nik, Mediterraneoko zibilizazio landutik euskal inguru-minguru elkorretara etorri ohi direnak, hemengo hiritarren artean oso jende gutxik ezagutzen dituen aztarren megalitikoak ikustera.

Bai, badakit Adarra arrunt ezaguna dela eta donostiar peto-petoak Urteberri egunean igo ohi direla gailurrera, eibartarrok Urko puntara joan izaten garen bezalaxe. Baina, zenbat izan daitezke, oro har, euren bizitza guztian zehar benetako iruinarriren bat edo mairu-baratzen bat, noiz edo behin, ikusi duten euskaldunak?

Eskerrak gero, memoria historiko handiaren jabe garen… Bai ote?

Etenetaweb2

Barrenean, Adarra mendia. Aurrez aurre, hegoaldeko maldan behera, Eteneta harrespila eta iruinarria. 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: