Henrike Knörr oroitu bai, jaramonik ez
Alderdi Popularrak urteak daramatza euskal mundura zein Euskaltzaindira nola-hala hurreratu nahirik. Izan ere, hamabost egun baino ez dira Antonio Basagoitik eta Andres Urrutiak buruz buru sinatu zutela ituna, euskara-normalkuntzaz elkar-laguntza areagotzeko. Eta ezin ere ahaztu, 2010eko abenduan Basagoitik berak Euskaltzaindiaren egoitzan emandako hitzaldia: “Perspectivas del euskera en el siglo XXI”.
Baina, nik dakidanez behintzat, "popularren" euskararekiko lehen ardura 1989an-edo hasi zen, José María Aznar alderdiburutzat hautatu eta hauteskundeak prestatzeari ekin ziotenean.
Garai hartan Henrike Knörrek deitu zidan, Jaime Mayor Orejak hainbat informatzailerekin bildu nahi zuela euskararen egoeraz jabetzeko eta, beste zenbaitekin batera, Aznarrekin bazkalduko ote nuen galdezka. Aurretik ere hitzegina nintzen ni Mayor Orejarekin, gerra aurreko alderdi eskuindar, foruzale eta euskaltzaleren batek gurean izan ote lezakeen etorkizunaz, Marcelino Oreja Elosegiren (Marcelino Oreja Agirreren aita) bidetik edo*.
Edozein modutan, esan bezala, zenbait astebete geroago, Aznarrekin batera bazkaldu genuen, Gasteizen, elkar ondo asko ezagutzen genuen bost lagunek, Alderdi Popularraren buruzagi nagusiak euskaraz eta euskal kulturaz zituen galderei erantzuteko.
Ez dakit nork atera zuen argazkia, baina jakin badakit Henrike Knörren argazki-makina zena. Beti zeraman soinean. Gustuko zuen lekukoarenak egitea.
Henrike Knörr, Jaime Mayor Oreja, José María Aznar, M. Karmen Garmendia, Patxi Goenaga, Eugenio Ibarzabal eta José Manuel Barquero. 1989
Euskaltzainburuaren salaketa
Segurutik, Basagoti Mayor Oreja eta Aznar baino euskaltzaleagoa da, eta Eusko Jaurlaritzan agintean dagoen Alderdi Sozialista dugu Henrike Knörr Madrilen omendu berri dutenetakoa. Baina, itxurak itxura, alderdi biotako buruzagiek badakite Kontsumitzailearen Estatutua dela-eta Euskaltzaindiari egin dioten ez ikusia ez litzatekeena, inondik ere, Knörren gogoko izango.
Besteak beste, bi dira atzo bertan, Eusko Legebiltzarrean, Andre Urrutia euskaltzainburuak leun asko egindako salaketa latzak. Batetik, Gernikako Estatutuak besterik zehaztu arren, Jaurlaritzak ez ziola aldez aurretik aukerarik eman Euskaltzaindiari, Kontsumitzailearen Estatuaren erreformaz hitzegin zezan. Eta, bestetik, martxoaren 20an hartu dutela euskaltzainburua Legebiltzarrean iritzia eman dezan... hilabete lehenago PSEk eta PPk elkarrekin onartu eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (2012.02.17) argitaratutako legeaz.
"Zuk esan ezazu nahi duzuna, guk nahi duguna egingo dugu-eta", ez da batere polita baina, txarrenean ere, legezkoa da. "Guk nahi genuena egin dugu eta orain esan ezazu nahi duzuna", legezkoa ez izateaz gainera, adarjotze galanta da. Adarjotze instituzionala, hori bai, eta Henrike Knörr-en oroitzapenetan gainera.
-----------------------------------------
*Hala ere, Mayor Orejaren hasierako zubigintzak eta adostu nahiak laster amaitu ziren eta Aznarrenak, berriz, 1998ko abenduaren 29an, EHk Ibarretxeri botoa eman zionean, Eusko Legebiltzarrean, lehendakari hautatua izan zedin. Gero gerokoak.
hauk krimenak egin dituzte GAL bidez; basajaun itziarren suizidiatua eta beste zortzi kartzelan