Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Hendaia: nafar kateak eta munduaren amaia

Hendaia: nafar kateak eta munduaren amaia

Amatiño 2011/09/17 23:15
Nafarroako kateak, XVII. mendeko erlojua, balea-arrantzaren ikurra, “zazpiak bat”, euskara batuaren lehen oroitarria eta munduaren amaiera iragartzen duen gurutzea. Dena plaza berean. Zeinek eskain dezake gehiago?

 

Udaletxe zaharra  

Udaletxe zaharra. Eskuineko horman, oroitarria

Mila bederatzirehun eta bateko irailaren 16an, duela 110 urte hain zuzen, Euskaltzaleen Biltzarra bildu zen estreinako Hendaiako Udaletxean. Euskal lurralde guztietako hogeita hamabost inguru euskaltzale lehen aldiz elkartu ziren "euskararen ortografia bateratzeko asmoz" (Mikel Zalbide, 2003). Bilera haren zantzuek diraute oraino Errepublika plazan. Orduko Udalerri zaharrak bertan darrai, egun “zerga-etxea” bada ere. Eta, horman, euskaltzaleen lehen bilera hura gogorarazten digun oroitarria.

Euskaltzaleen oroitarria

Gehiagorik ere bada. Hogeitaka metroren bueltan, beste inon elkarren ondoan zail samar aurki daitezkeen historiaren pasarteak daude bertatik bertara, Saint Vincent-Bixintxo Elizatik Udalerri berrira bitartean.

Elizaren horman, batetik, 1642ko eguzki-erlojua eta, bestetik, Nafarroako kateak gordetzen dituen armarria. Garai hartan hendaiarrak hirurehun lagun baino ez ziren guztira ere, baina erlojua zein kateak euren bizipozen adierazle isilak bezain esanguratsuak dira.

Erlojua

1642ko eguzki-erlojua

Armarria

Nafarroako kateak

Aurrez aurre dagoen udaletxe berrian, berriz, Hendaiako ikurdia eta Zazpiak Bat. Aurrenak sasoi bateko hendaiarren lanbidea gogorarazten digu, balea-arrantza alegia. Eta alboko sarrera-gaineko zazpiak bat “inkonstituzionalak”,  ostera, hura ez dela Espainia adierazten.

Zazpiak bat

Hau legezkoa ote litzateke Hegoaldean?

Balea

Balea, Hendaiako Errepublika plazan errege

Elizaren eta udaletxearen artean, azkenik, XVII-XVIII mendeko gurutzea, zeinetan, Fulcanelli alkimistaren ustez,  mundua 2012ko abenduaren 21ean amaituko dela sumatu (OCRUXAVES PESUNICA - o crux ave spe unica - gurutzea da txaropen bakarra) omen daiteke..

Gurutzea

Apokalipsia iragartzen omen duen gurutzea

Kontu izan, beraz, hamabost hilabete baino ez direla gelditzen hau guztia ikusteko. Ez geroko gerotan azken egunerako utzi.

 

jaime
jaime dio:
2011/09/18 20:30

Harrigarria benetan, maiek data bera ematen dute munduaren amaierako. Begi bistan da Fulcanellik (Katedralen misterioa)ez zuela zer ikusirik maiekin. Datorren urtean, apika, bukatuko al da denontzat, behingoz, krisi malapartatu hau?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: