Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Hegazkinak pilotuak baino gehiago agindu

Hegazkinak pilotuak baino gehiago agindu

Amatiño 2024/02/09 15:00
Yakartan, pilotuek ez zekiten MCAS zer zenik ere, eta ezin izan zuten hegazkina menderatu. Addis Abeban, ordea, pilotuek jakin bazekiten, baina, hala ere, makinak irabazi zuen hil ala biziko norgehiagoka, eta bere iritzia inposatu. Balantza, 401 lagunen heriotza.
Hegazkinak pilotuak baino gehiago agindu

Etiopiako hegazkinak utzitako kraterra

Martxoaren 10ean lau urte beteko dira Ethiopian Airlines konpainiaren Boeing 737 MAX 8 hegazkinak Addis Abebatik atera eta sei minutu eskas geroago basamortu-barrena jo zuela, 800 km/h abiadaz, berrogei metro inguruko misila balitz bezala. 157 lagun hil ziren. Kaxa beltzak frogatu zuen akatsa MCAS oreka-sistemari zegokiola, bost hilabete lehenago (2018.10.29) Yakartan gertatutako istripu berdintsuaren ildo beretik. Orduan 257 lagun hil ziren eta akatsa, MCAS sistemaren berbera: okerreko informazioa.

Istripu pareak erakarri zuen 26 airelineak eta 10 Herrialdek Boeing 737 MAX 8 delakoaren hegaldi guztiak debekatzea eta ehundaka hegazkin nora ezean lurrean geratzea. Ondorioz, Boeing konpainiak 10 milioi dolar inguru xahutu zituen galera eta isunetan, mende erdian irabazitako segurtasun-ospea galdu eta hegazkin komertzialen munduko fabrikatzailerik handiena izateari utzi, Tolosako Airbus europarraren mesedetan.

Geroztik, adituek gainbehera haren denetariko arrazoiak laburbildu dituzte: ezkutuan eta gezurretan aritu, Wall Streeteko presioei amore eman, akziodunen interesak goretsi, kostuak murriztu, langileen konfiantza galdu, segurtasun-mailari muzin egin eta, oro har, kantitatea lehenetsi kalitatearen kaltetan. Eta, hondamendi horren ardatzean, MCAS sistemaren afera. Baina, zer da arestiko MCAS hori?

Maniobren ezaugarriak handitzeko sistema

MCAS (Maneuvering Characteristics Augmentation System) delakoa automatikoki aktibatzen den kontrola da,  hegazkinaren eraso-angelu desegokia dektatzen duenean. Alegia, isatsa jasoarazten du eta sudurra jaitsi hegazkina aukeran nibelatzeko. Gaur badakigu Yakartako (2018.10.29) nahiz Addis Abebako (2019.03.10) hegaldietan, sentsoreek, okerreko datuez baliatuz, orekatu beharra adierazi ziotela hegazkinari, beherantzako ordena aginduz. Baina, nibelatu beharrik ez zuen hegazkina nibelatu beharrak erakarri zuen gainbehera mortala.  

Kasu batean zein bestean, arrazoi batez edo bestez baina ondorio beretsuaz, sentsoreek hegazkinari agindu zioten zeraman posizioa konpentsatu behar zuela, sudurra etenik gabe jaitsiaraziz. Aldi berean, berriz, pilotuek, eskuz, aireontzia automatikoki (eta oker) hartzen ari zen norabidea zuzendu behar izan zuten, beherantza ez ezik, gorantza egin zezan. Okerreko informazioa zuen ordenagailuaren gorako agindua eta goitik behera zihoazela bertatik bertara ikusten ari ziren pilotu izutuen arteko norgehiagoka larria izan zen, hil ala bizikoa. Makinak irabazi zuen, ordea, eta 401 lagun hil.

Hala ere, antzerako kasuak izan ziren arren biak,  ez,  baina, erabat berdinak. Baten eta bestearen arteko alderik handiena zera izan zen: aurrenengoan pilotuek ez zekitela MCAS zer zenik ere, Boeing konpainiak ez zielako ezer esan, prestakuntza gastuak aurrezteagatik, sistema automatikoak inoren laguntzarik behar izango ez zuelakoan. Bigarren kasuan, ordea, pilotuek jakin bazekiten, baina, hala ere, makinak irabazi zuen pultsua eta bere iritzia inposatu.

.MCAS

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: