Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Hazkunde-eredu berri bila

Hazkunde-eredu berri bila

Amatiño 2009/09/04 23:58
Euskadik erabaki behar du gaur egungo “maila ekonomiko eta teknologiko ertaineko Europako erdialdeko eskualdeen” artean jarraitu, Akitania, Trento, Toskana, Walonia edo Kataluniarekin batera, ala “gaitasun ekonomiko eta teknologiko handiko eskualdeen” taldera igaro, Emilia-Romagna, Behe Saxonia eta Linburgorekin batera. Hau da Euskal Autonomia Erkidegoaren Lehiakortasunari buruzko II Txostenaren Laburpen exekutiboak edozein begiren bistan argi eta garbi azaltzen duen erronka.

Ibarretxeren gobernuen erronkarik errepikatuenetakoa Euskadi Europako nazio eta herrialdeen zerrendaburuen artean kokatu beharra izan zen. Baina, bakoitzari berea, helburu horren aitzindaria ez zen Ibarretxe bera izan, aurretik izan zituen Ardantza eta Garaikoetxea lehendakariak baizik. Eta, behar bada, euren gobernukideren bat edo beste zehatz mehatz aipatzekotan, Javier Garcia-Egotxeaga eta Jon Azua lehendakari-ordeak gogora ekarri behar, beraiek jarri zituzten-eta abian euskal industriaren birmoldaketa, kalitatearen aldeko apostua, teknologia-zentruak eta klusterren antolaketa; ondoren etorri ziren, Ibarretxerekin batera, ikerkuntza, nazioarteratzea eta berrikuntzaren giltzarriak.

Nekez esango du inork Euskal Autonomia Erkidegoaren ekonomiak berebiziko susperraldirik izan ez duenik azken 25 urteotan eta berari darion gizarte-ongizatea dezente asko hobetu  ez denik baina, ondo irakurri gero, orain arte jarraitutako hazkunde eredua agortzen hasia da. Eta hau ez diot nik, Euskal Autonomia Erkidegoaren Lehiakortasunari buruzko II Txostenaren ondorioek baizik. Beste modu batez esanda, eta gordin asko, output ekonomikoetan lortutako emaitza onak ez datoz bat berrikuntzako adierazleetan lortutako emaitza erlatiboki apalekin (I+G gastua, patenteak, teknologia maila handiko sektoreetako esportazioak etab.). Eta egoera latz hau, llabur-llaburbilduz, ez omen da jende gehiago lanean jartzen konponduko, berrikuntza-maila handitzen baizik.

Euskadik erabaki behar omen du  gaur egungo maila ekonomiko eta teknologiko ertaineko Europako erdialdeko eskualdeen artean jarraitu, Akitania, Trento, Toskana, Walonia edo Kataluniarekin batera, ala  gaitasun ekonomiko eta teknologiko handiko eskualdeen taldera igaro, Emilia-Romagna, Behe Saxonia eta Linburgorekin batera. Hau da Euskal Autonomia Erkidegoaren Lehiakortasunari buruzko II Txostenaren Laburpen exekutiboak edozein begiren bistan argi eta garbi azaltzen duen erronka.

Hau da, Txostenak dioenez, euskal ekonomia aldiz aldatzea. Alegia, inbertsioa oinarri izaki efizientzia bilatzea lehenesten duen lehiakortasun alditik,  berrikuntzaren bidetik ekoizkortasuna hobetzea eta iraunkortasuna (eco-innovaling) zein parerik gabeko proposamen apartak garatzea lehenesten duen aldira igaro beharra.

Eta hau nola egiten den? Auskalo, gero. Baina erronka zaila izaki, zer gerta ere irtenbidea ekimen pribatu eta publikoaren arteko elkarlaguntzatik etorriko da etortzekotan, aurreko hiru hamardaketan bezala.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: