Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Harroak xumea plagiatzen duenean

Harroak xumea plagiatzen duenean

Amatiño 2014/03/07 09:00
Gozo-gozo, leun-leun, batere aztoratu gabe eta zuhur asko, "Deba" aldizkarian argitaratutako istorioa plagiatu izana leporatu dio Vicente Arrizabalaga debar arakatzaileak Arturo Pérez Reverte gaztelania-akademiko eta idazle ospetsuari.

Nonbait, Vicente Arrizabalaga ikertzaileak berdintsuegitzat jo ditu Alex Turrillas debarrak orain lau urte idatzitako xehetasunak (“El honor de un gran marino debarra”. Deba aldizkaria, 74. zenbakia, 2009) eta Arturo Pérez Reverte idazle ezagunak jasotako (“Un marino decente”. El Semanal, 2012.01.07) zertzeladak.

Vicente Arrizabalagak idazlan biak alderatu ditu eta enbor berekoak direla frogatu, beti ere nabarmenduz, Turrillasen ekarria Pérez Revertena baino hiru urte lehenagokoa dela eta, gainera, debarrak bibliografia zehatza eskaini zuen bitartean, murtziarrak ez duela iturririk ziztrinena ere aipatzeko ahalegin txikerrik egin.

Arrizabalagak ez du inondik ere plagio larritzat salatu espainiar akademiko ospetsuaren jarduera, baina bai apal-apal adierazi, kazetaritzan zilegi samarra den arren inoren lanaz baliatzea, beti ere dezente dotoreagoa dela iturria aipatzea, are gehiago Pérez Reverteren kinkan, ez baita alferrik akademiko harroxko hau aurretik plagioz salatua, epaitua eta erruduntzat joa izan (Gitano, 2000).

Zerk darama Arturo Pérez Reverteren mailako idazlea azpijanean inorenak kopiatzera? Gehiegi idatzi beharrak? Arrapaladan hartutako konpromiso guztiei erantzun ezinak? Biltegia agortu izanak? Gai berririk ezak? Goiari eutsi ezinik erdipurdiko “beltzez” baliatu beharrak?

Auskalo gero, baina, zer gerta ere, ze premia du gailurrean dagokeen idazleak jendaurrean barregarri bezain lotsagarri geratzeko?

PérezReverte Turrillas

Arturo Pérez Reverte eta Alex Turrillas


Gari Araolaza
Gari Araolaza dio:
2014/03/07 09:21
Amatiño,

Non egin du Arrizabalagak bere salaketa?
Amatiño
Amatiño dio:
2014/03/07 09:53
Galdera ona. Besteak beste frogatzen duena nire posta ez dagoela behar bezain ondo egina. Baina, zureari erantzunez: DEBA aldizkariaren azken alean, "Negua" deritzan alean. Une honetan ez dut alboan eta ez naiz zenbakiaz gogoratzen. Baina esango dizut.
Amatiño
Amatiño dio:
2014/03/09 22:35
DEBA. Negua 2013 - 86. zenbakia
Gari Araolaza
Gari Araolaza dio:
2014/03/11 09:25
Eskerrik asko! Saiatuko naiz irakurtzen, aldizkari hori harrapatzen dudanean.
Amatiño
Amatiño dio:
2014/03/11 16:13
Ikusi ahal izan dudanez DEBA aldizkariaren aleak Ostolaza Kultura Elkartearen webgunean daude... azken bizpahiru zenbakiak-edo izan ezik.

2013ko Neguko alea etxean dut. Inon aurkituko ez bazenu edo interesik bazenu, postaz bidaliko nizuke ale osoa edota Vicente Arrizabalagak idatzitako orrialdeen fotokopiak. Niri berdin-berdin zait, ez ditut aleok gordetzen. Zuk esan.
Gari Araolaza
Gari Araolaza dio:
2014/03/19 07:56
Eskerrik asko Amatiño, baina badut aldizkaria lortzeko bide erraza. Kuriosidadea besterik ez da, Arturitori diodan antipatiak bultzatuta.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: