Hamaseigarren mendeko hitz sabindarra
Indumentaria Baska (Zabalkunde Sorta, 1935) liburuxkan antzinako euskal janzkera aztertu zuen Bernardo Estornes Lasa ikerle erronkariarrak eta, idazlana gaztelaniaz izan arren, arropa eta jantzi-motak aipatzen dituzten zenbait euskal kanta zahar bildu, Lapurdin, Gipuzkoan, Zuberoan, Bizkaian zein Nafarroan jasoak.
Zuberoako kopla amorosak honelaxe dio:
Oski pare bat, galtza pare bat eman nereizun atsarrez, berrogei eta bost libera, zeta-fular bat beste alde, zure maitetarzun hanta kosta zitazüt hanbeste.
--Gezur erraitez, gezur erraitez— uste zuniana ni tronpa? Zure hitzetan fida dena ardüra gaizki izanen da: beste baten gibelean xuxen ezazü urratsa.
Oski hitza Xabier Elorriaga aktoreari entzun nion nik aurrenengo bider, orain dela hogeita hamarren bat urte. Venezuelan jaioa eta umetan zein nerabetan Txilen hazia eta hezia, erbestean ikasitako euskara zitzaion ezagunen Xabierri. Eta, besteak beste, nik sekula aurretik entzun gabeko moldeak eta hitzak erabili ohi zituen, oskiak esaterako. Zuria eta botilan… esnea esan ohi da. Eta ildo beretik, erbestean eta ezezaguna… sabindarra. Horrela uste genuen behintzat orduan geure burua jakituntzat genuenok. Xabier Elorriaga maisuak kazetaritzaz, zinegintzaz edo telebistaz irakatsi ziezagukeen, ez ordea euskaraz! Nabaria, bestalde, aurreko belaunaldiarengandik eteteko 70eko hamarkadan genuen grina.
Baina, egun, mundu guztiak zapata esan arren, jakin badakigu oskia Sabino Arana baino nabarmen zaharragoa dena. Larramendik osquea jaso zuen (1745) Arana jaio (1865) baino 120 urte lehenago. Dezente aurretik ere, 1596ko errefrauetan birritan agertzen da: “Aroz dinean çirola, osqui guichi urratu doa” eta “hosqui osoa nayz etena, escuan baño oñean obea”. Beraz, XVI. mendean Bizkaian eta XIX.garrenean Zuberoan, sortaldetik sartalderaino, zeharo zabaldua zen hitza.
Ibon Sarasolak Euskal Hiztegian (Elkar, 2007) aipatzen duen erreferentzia ere 1596 urtekoa da, nahiz zehaztu gaur egun zein gutxi erabiltzen den. Aurretik bildu zuten Azkuek, Lhandek eta beste hainbatek, eta Euskaltzaindiak ere Hiztegi Batuaren bertsiorik berrienean (2010) gogoan izan du oski. Horretara, mendeak joan eta mendeak etorri, zapata nagusitu bada ere, oskiak ez du oraino bereak egin. Iraupena gure aukera-maukeran dago.