Hamar-hamabi urte arteko kirol-soziologia
Athletic-ek Urko Vera fitxatu berri du, Eibartik pasatu ostean Lemoan jokatzen ziharduen bilbotarra. Aspaldiko partez, bizkaitarra. Zalantzarik ez gero Athletic-a Bizkaiko futbolaren ordezkaririk nabarmenena dena, nahiz jokalaririk gehien-gehienak bizkaitarrak ez izan. Etorkizun kezkagarria.
Aurreko partidan Herculesen aurka zelairatu ziren hamalau zurigorrien jatorria aztertuz gero, zerrenda zera da: zortzi nafar (Ekiza, Gurpegi, Iraizoz, Llorente, Muniain, Jabi Martinez, Orbaiz eta San Jose); hiru giputz (Diaz de Zerio, Gabilondo eta Iraola); eta bana Arabatik (Toquero), Bizkaitik (Koikili) zein Errioxatik (David Lopez). Hau da, hamalautik bat besterik ez bizkaitarra.
Honek ez du inondik ere Lezamako eskolaren lana ukatzen, aipatu gehienak Lezaman haziak eta heziak baitira. Izan ere, ez da Lezama auzitan dagoena, ezta segurutik euskal harrobia ere; baina bai, antza, Bizkaiko jaurerriaren beraren emaitza zuzena.
Ni mutikoa nintzela --Iriondo, Venancio, Zarra, Panizo eta Gainza aurrelarien garai epiko haietan--, talde zurigorriaren jokalari denak edo gehienak bizkaitarrak ziren eta euskal futbolaririk onenak ere bertakoak. Egun, aldiz, euskal harrobirik jorienak Gipuzkoan eta Nafarroan dira.
Gaur egun dituen zortzi bizkaitarrekin –Amorebieta, Aurtenetxe, Castillo, Ibai, Iturraspe, Koikili, Raúl eta Ustaritz -- Athletic-ek ezin izango luke hamaikakorik osatu. Eta sestra bereko beste hirurekin ere, behar bada sekulako zailtasunak izango lituzke lehen mailari eusteko.
Baina datu hau ez da arazoaren funtsa, ondorioa baizik. Galdera da: zergatik Bizkaiak ez du orain duela mende erdi bezainbateko jokalaririk ematen? Zergatik Nafarroako biztanlegoak, Bizkaikoaren erdia izan arren, dezente jokalari gehiago ematen du? Lezamak balio du nonbait hamar, hamabi edo hamalau urteko eskola-mutikoak han-hemenka bildu eta bertan lantzeko. Baina zer gertatzen da hamar-hamabi urte arte? Non da arazoa? Zein da arazoaren iturburua?
Iriondo, Venancio, Zarra, Panizo eta Gainza