Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Hamahiru urte geroago

Hamahiru urte geroago

Amatiño 2017/03/13 00:05
Bihar bezalako egun batean, 2004eko martxoaren 14ean, galdu zituen PPk astebete lehenago irabaziak bide zituen espainiar hauteskundeak. PPk inkestek ematen zizkioten baino 21 parlamentari gutxiago lortu zituen eta PSOEk, ostera, 23 gehiago. Iraulketa haren arrazoirik nabarmenetakoa, hiru egun lehenago, hilaren 11an, Madrilen gertatutako atentatu terrorista izan zen edo, zehatz, atentatu haren inguruan PPk egin zuen kudeaketa zeharo txarra.

Aznarren gehiegikeriak tarteko, PPk maldan behera ziharduen eta, agintean luzatzea kaltegarri zitzaiolakoan, hauteskundeak aurreratu zituen, legealdia ahalik eta azkarren amaitu ahal izateko.

Giro urduritsu hartan, hauteskunde-igandea baino hiru egin lehenago, Al-Qaedak Madrilen eragindako triskantza gertatu zen eta, hartaz baliatu beharrean espainiar guztien batasuna aldarrikatzeko, kanpoko etsaien aurka indarrak biltzeko eta gobernuaren buruzagitza azaltzeko, Aznarren obsesioak ETAri leporatu nahi izan zizkion atentatuak, hala jendea errazago elkartaraziko zuelakoan PPren inguruan.

Botoemaileek ez zioten ordea barkatu, ez segurtasunik eza, ez triskantza osteko kudeaketa eta, are gutxiago, aitzaki bila aritu izana eta ziria sartu nahia (hainbat egunkariren burulerroak aldarazi zituen). Sare bitarteko mezuek hankaz gora bota zituzten, ordea, Aznarren agintekeriaren ahaleginak.

Sarraski harek aznarismoa suntsitu omen zuen, baina baita ETA bera ere. Bada dioenik (11M: Redes para ganar una guerra. David de Ugarte) egun hartan ETArenak egin zituela, bere terrorismo-mota, XX. mendekoa (hierarkikoa eta geografikoa), bertan behera ahitu zelakoan, XXI. mendeko Al-Qaedarenaren (sarez eta globala) mesedetan

jaime
jaime dio:
2017/03/13 16:12
Honetan, behintzat, ez nator bat zurekin. Nire uste apalean, ETAren suntsipen eta deskalabruaren hasiera Hipercorren egindako sarraski krudel eta soroarekin zertu zen. Eta ezin daiteke desenkusatzat onartu garai haietako Erakundeko buruzagitzak aldarrikatu zuena, hots, Españako poliziak jaso zuen abisuari kasurik ez egitea. Bere burua Herri Erakunde Armatutzat duen mugimendu armatu batek bere prestigio eta izate arrazoi osoa galtzen du herritarrak akabatzen dituenean. Gogoan dut, Eustakio Mendizabal “Txikia”-k, bizirik zegoenean, beti-beti, galdera bera egiten zuen ekintza bat egin ondoren: Zer dio herriak?
sosola
sosola dio:
2017/03/13 18:50
Neretzat berriz, Aznarren deskalabruaren jatorria Azoreetan legoke. Beste biekin bat egin eta Ekialde Hurbileko gatazkan protagonismoa hartzeak ekarri zion azkena, izan ere horrexegatik tematu zen ETArekin, nazioarteko poltikan egindako akats ikaragarria estaltzearren, hutsegite estrategiko itzela ezkutatzeko. Eta esango nuke bertoko gatazka armatuaren ahitzearen arrazoiak anitzak izanik,hemen ere, nazioarteko politika eta mundu-mailako testuingurua zein korronte kultural berriek zerrenda horretan nahikoa goian daudela ETAren amaiera zein sorrera azaltzeko garaian.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: