Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / HAL 9000 kopuntagailu algoritmikoak lanik emango al liguke?

HAL 9000 kopuntagailu algoritmikoak lanik emango al liguke?

Amatiño 2022/07/07 12:00
Gure bizimodua lanean oinarritua dago. Lan-harremanetan, lan-ekonomian eta lanari dagokion Gizarte Segurantzan. Baina lanik gabe geratuko bagina konputagailu algoritmikoek lanik emango al ligukete… makinak baino ezjakinagoak, traketsagoak, alferragoak, aldarrikatzaileagoak edo garestiagoak garela frogatu ostean?

Segurutik, zientzia fikziozko filmik behinenena da 2001: A Space Odyssey, zeinetan adimen artifizialdun HAL 9000 konputagailuak sumatzen duen, aginduak ematen dizkioten pilotuek behar baino zalantza handiagoak dituztela eta, sistema ez dagoenez gero prestatua duda-mudazko ordenei jaramonik egiteko… segurtasunaren aitzakiaz konputagailuak erabakitzen du eskifaia osoa ezabatzea eta espaziontziaren kontrola bere ardurapean hartzea. Filma (Stanley Kutbrick) 1968koa da.

Hiru hamarkada geroago, David de Ugartek sortarazi zuen “Sociedad Cooperativa de las Indias Electrónicas” (2002) elkartea eta, auzo-lanean egituratutako informazio-arkitekturaren ildotik, elkarrekin proposatu ziren nolabaiteko lan-eremu berriak: blogosfera, ziberaktibismoa, pluriarkia, sorkuntza banatua, sare banatua etab., botere zentrala uxatu eta gizabanakoaren lan-burujabetza aldarrikatuz. Eta, ez ustean, hainbatek sumatu zuen, sistema zirraragarri hark erakar zitzakeen ondoriorik latzenetakoak izan zitezkeela, besteak beste, jatorrizko aberririk eza, ogasun zehatzik eza eta jakineko gizarte segurantza publikoaren falta.

Beste hogei urte geroago, ez da honezkero batere berria iragartzea, nola-halako etorkizunak hainbat lanpostu alboratuko dituela, informatikak ekidin dituen bezalaxe edota inteligentzia artifizialak gainditu ahal izango dituen legez. Baina arazorik larriena ez dateke konputarizazio adimentsuak lanik kenduko ote digun… lanik emango al digun baino.

Honezkero ez da zientzia fikzioa pentsatzea, uste baino lehenago, lan-hitzarmen berriak erabakitzerakoan aldez aurretik bildutako datuek eta indarrean jarritako algoritmoek zer esan asko izango dutela pertsonen arteko hautua egiterakoan. Beste modu batez esanda, zer gertatuko ote den algoritmoek roboten eta pertsonen aukera edo lan-banaketa egin behar izango dutenean. Eta, noizbait, algoritmoek “jakin” eta frogatuko balute makinak pertsonak baino lehiakorragoak, fidagarriagoak eta eraginkorragoak direna?

Beti egongo da baikorren bat uste izango duena gizakiok baditugula makinek nekez izango dituzten dohainak, sentimenduak eta zirrarak, esaterako. Baina hau egia izanik, galdera bi ezin bestekoak dira:

1. Nahiz egia izan gizakiok sentimenduak eta zirrarak ditugula eta konputagailuek, ez, egia ere bada denborak aurrera egin ahala tartea gero eta txikiagoa izango dela, ia-ia, praktikan, ez igartzeko bestekoa.

2. Gainera, gizakiok eta makinak sekula berdinduko ez balira ere, norberaren sentimenduak eta zirrarak honenbeste balioesten omen ditugun gizakiok,  zenbateraino egongo gara prest inoren sentimenduen eta zirrarengatik, makinek eskain dezaketen objektibotasun zehatzarengatik baino gehiago ordaintzeko?

HAL9000

Hobe beharrez, pilotoaren aginduak betetzeari uko egiten dion HAL9000 konputagailuaren "begia"

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: