Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Haize-errotek aldeko haizea behar dute

Haize-errotek aldeko haizea behar dute

Amatiño 2022/10/18 08:00
Nafarroan, argindarraren %49,2 energia berriztagarriez lortzen da eta euretarik %41, eolikoaz. Euskal Autonomia Erkidegoan, ostera, berriztagarriak %16,5 dira eta haize-energia, %5,9. Espainiar* autonomiaz autonomia, Nafarroa aurrenetakoa da energia eolikoaren ekoizpenean eta Euskadi, aldiz, azkenetakoa.
Haize-errotek aldeko haizea behar dute

XVII. mendeko errota, Orbaibarreko Gerenda parkean

Azken bolada honetan haize berria ari da jotzen Euskal Autonomia Erkidegoan, energia eolikoaren alde. Hogei urte joan dira, 2002 urtean Eusko Jaurlaritzak Energia Eolikoaren Lurralde Plan Sektoriala onartu zuenetik. Ordurako Elgeako Parkea (1999) zegoen indarrean eta ondotik eraiki ziren Urkillakoa eta Oizkoa, 2003ean, eta Badaiakoa, 2005ean. Baita Zierbenako txikia ere, 2006an, Bilboko Portuaren kai-muturrean.

Geroztik, hainbat urte luzetako hutsunea. Energia berriztagarriak ei ziren etorkizuna, energia eolikoa aukerenetakoa omen… baina, nonbait, ez Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Datuak ezin adierazgarriagoak dira. Nafarroan, argindarraren %49,2 energia berriztagarriez lortu zen 2021 urtean, eta euretarik  %41, eolikoaz. Euskal Autonomia Erkidegoan, berriz, berriztagarriak %16,5 dira eta haize-energia, %5,9. 

Datu hauen nondik norakoa ulertarazteko orduan, egia da Nafarroak lur-eremu gehiago duela, eta mendi-lerro garaiagoak, non haize-boladek indartsuago eta iraunkorrago jotzen duten. Baina ezin ere ahaztu, Nafarroan haize-errotak aldaketaren eta teknologia-eraberrikuntzaren* adierazgarritzat hartu ziren artean, Euskal Autonomia Erkidegoan kontrako jarrera hauspotu zela, zenbait jokaera eta ideologi-aldarriren aitzakiaz. 

Hamarkada bi geroago, espainiar Estatuan barrena, Nafarroa aurrenetakoa da energia eolikoaren ekoizpenetan eta Euskadi, berriz, azkenetakoa,  haize-erroten arloko hainbat jakineko enpresa garrantzitsu Euskal Autonomia Erkidegoan sortu arren.

 

* Espainian, oro har, %46,7 eta %23,3  dira batez besteko datuok. 

** Nafarroako lehen parkea Erreniegako (El Perdón) mendilerroan abiatu zen, 1994eko abenduan.  Bertan kokatu omen zen, ez ezkutatzeko ez ezik, Iruñerriko 200.000 biztanleek begi bistan izan zezaten eta teknologia berriek zekarkieten aldaketaz  jabetu eta harrotu zitezen.


Haize energia

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: