Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Hainbatek hobe luke zuhurtzia gehitxoago

Hainbatek hobe luke zuhurtzia gehitxoago

Amatiño 2012/07/26 23:55
EAJ-PNVk euskararen erabilpena normaltzeko legearen hogeita hamargarren urtebetetzea ospatu nahi izan zuen atzo Bilbon, Pedro Migel Etxenikeren zein Iñigo Urkulluren eskutik. Etxenike, 1982an, legea aurkeztu zuen Hezkuntza Sailburua zen eta Urkullu, ostera, gau-eskoletako irakasle. Hogeita hamar urte geroago, nafarra euskal zientzialaririk garrantzitsuena da eta bizkaitarra, berriz, prozesua gidatu duen alderdiaren buruzagi.

Hogeita hamar uteotan, euskararen egoera dezente hobetu da Euskal Autonomia Erkidegoan, Iparraldean eta Nafarroan ez bezala. Eta hau ez da ustekabean gertatu.

Orain hiru hamarkada, euskal gizartearen erronkak interpretatzeko modu bik egin zuten talka, abertzaleen artean batez ere. Zenbaitek uste izan zuen eginahalak egin behar zirela espainiar esparru politikoak eskain zitzakeen zirrikitu guztiez baliatzeko. Beste zenbaitek, aldiz, uste izan zuen ezertan hasi aurretik eremu politikoa aldatu behar zela, nahiz hartarako armak erabili behar izan.

Lehenengoei zor diegu indarrean dugun euskararen legea eta, aldi berean, Gernikako Estatutua eta darizkion Kontzertu Ekonomikoa, Foru Ogasunak, Ertzaintza, EiTB, Osakidetza, Euskal Eskola Publikoaren legea, HABE, azpiegiturak, energia-plana, industria-birmoldaketa, teknologia-garapena, berrikuntza-estrategia etab. Ez, behar bada, zitezkeen onenak, baina bai egun galduez gero hondamenditzat joko genituzkeenak.

Gaur egun ez da gurean inor –eta baldin bada isilik-mixilik dago— erakundeen onurak zalantzan jarriko dituenik. Eztabaidagarri dateke, jakina, erakundeen kudeaketa-modua, baina ez gizartea erakundetu beharra.

Egun, euskal erakundeak gutxietsi zituzten abertzaleek, arbuiatutako erakunde berberorietan parte hartu eta agindu nahi dute. Eta Gernikako Estatutua onartu ez zuen Alianza Popularraren oinordekoak, PPk alegia, gogoratu ere ez du nahi Estatutuaren aurka bozkatu zuenik. Hiru datu adierazgarri besterik ez:

 2004an, Maria San Gilek, Euskadiko PPren presidenteak, “ez zekien” berak 14 urte zituela Fraga Iribarneren ardurapeko APk Gernikako Estatutuaren aurka azaldu zenik.

1992an, Herri Batasunak Txema Montero bota zuen alderditik, Gernikako Estatutuaren alde artikulua idazteagatik

1986an, Herri Batasunak adierazi zuen ETAk ez zituela armak utziko Gernikako Estatutuak zirauneino.

Aipagarri ere, Kataluniako abertzaleek “antigualla”tzat jo zutela, 1979an, orain bizi duten zulotik ateratzeko aldarrikatzen duten harako kontzertu ekonomiko “zaharkitua”.

Euzko Alderdi Jeltzaleak hobetoxeago egin lezakeela… seguru gero. Baina, horratik, hainbatek hobe luke zuhurtzia gehitxoagoz jokatu berriketari amain eman aurretik.

Bederatzi lagun

Atzean, adinduena, Juanjo Pujana, Eusko Legebiltzarraren lehendakaria 1982an. Aurrean, bi ertzetan, Jose Luis Lizundia, Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordearen lehendakariordea, eta Pedro Migel Etxenike, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailburua

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: