Guztiontzat lekurik ez balego bezala.
Benedikto Aita Santuak esan du esan Espainian ari dela erabakitzen “laikotasuna eta sinesmenaren arteko gudua”. Eta egia da. Hiritarrik gehienei bost axola zaien arren eta edozenbatek gehiegikeriatzat jo, horrelako zerbait gertatzen ari da hainbat frontetan. Baina Aita Santuak esaten ez duena zera da, gudu hau oso zaharra dela eta beste hainbat lekutan --urrutiegi joan gabe, Pirinioetatik gora-- ez dela dagoeneko gertatzen... hain zuzen ere erabaki beharrekoak aspaldi erabaki zirelako.
Bai. Laikotasuna eta sinesmen(katolikoa)ren arteko gudua gertatzen ari da Espainian, sarri askotan gudu ikustezina bada ere. Eta ikustezina da, bi parteok esparru ezberdinetan dihardutelako, inoiz gutxitan baino elkarrekin topo egiten ez dutelako, eta publiko zeharo diferenteen aurrean ari direlako.
Batetik bada intelektualitate eskuindar katolikoa, kristau-moralik estu-mestuena gizartearen zentzu komuntzat edo zibilizazioaren ardatz nagusitzat jotzen duena, eta ez duena inondik ere onartzen estatu laikoak bideratutako sexu-askatasuna, dibortzioa, homosexualen arteko ezkontzak edota eskoletatik erlijio-irudiak kendu izana guztion lorpenen ondorio besterik ez direna. Ikusi, bestela, Nueva Revista tankerako aldizkariak non ustezko jende izugarri adituak eta jantziak honelako iritziak ("Izquierdas y derechas ante la economía y la cultura". Rafael Gómez Pérez) idazten dituen.
Baina, bestetik, bada bere burua aurrerakoitzak jotzen duen beste intelektualitate ezkertiar petral bat, fededunen sinesmena begirunez ez onartzeaz gainera, beti inor gutxiesteko, isekatzeko eta adarra jotzeko gertu dagoena, progresiaren eta tolerantziaren izenean Kode Penala berari ere hankape egiten diona, La Sexta telebista-katea kasu.
Lehenengoek konbentzitu nahi gaituzte ezkerraren garaipena (?), balore-aldaketei aurre egiten asmatu izan ez duten eskuindar geldoen eta bareen errua dela, eskuina azken berrehun urteotako garapenaren eragileetakoa ezezik, biktima hutsa bailitzan. Eta besteek sinestarazi nahi gaituzte, berriz, zenbat eta lotsagabeago, zakarrago, oldarkorrago eta zirikatzaileago, hainbat ezkertiarrago eta aurrerakoiago.
Lehenengoek ez bide dute entzun oraindik Ilustrazioa eta Frantziako Iraultza noizbait izan zirenik ere, eta laikotasuna erlijioaren kontrako etsai amorratutzat hartzen dute, askatasunaren edo demokraziaren ondaretzat hartu beharrean. Eta bigarrenek, berriz, askatasunaren eta demokraziaren izenean nonbait, buru-belarri ahalegintzen dira laikotasuna erlijiorik eza baino erlijio setatsu berri gisa agertzen, inkisizioaren aurkako inkisitoreak bailiren.
Xume asko esanda, oraindik ere bada gurean elizara joaten den jendea joaten ez dena baino hobea dela uste duenik. Dagoen bezalaxe uste duenik inoren sinesmenak aurrerakoikeriaren suan erre beharreko sorginkeria zaharkituak direla.
Honelako espezimenek bizirauten duten artean, nekez amaituko da gero laikotasuna eta fedearen arteko gudurik. Guztiontzat lekurik ez balego bezala.