Guztion erronka
Lehiakorra izateak esangura du merkatuak ontzat hartzeko besteko kalitatea eskaini behar duela eta merkatu berberak ordaintzeko bezainbateko prezioan. Helburu honen inguruan bildu ohi dira elkarrekin kapitala eta lana; eta, historiari begiratuz gero, ezin esan bilkura hori ahari-topaketa antzean gertatu izan ez denik sarri, indar kontrajarrien arteko zeingehiagoka gisa.
Aurrera begira, bi parte kontrajarri baino, bi parte osagarriren arteko egitasmo bateratua partekatu daitekeelakoan, nolabaiteko konpromiso hitzartua guztientzat onuragarri delakoan, Gipuzkoako enpresarien elkarteak Fabrika deritzon kultura berria landu nahi du, langileek ere euren burua enpresa-proiektu barruan sentitu dezaten.
Enpresarien eta langileen interesak txirikordatzea ez da segurutik helburu erraza, baina bakoitza bere aldetik abiatzeak ez du etorkizunik. Estrategia konfrontazioa baldin bada, zergatik uste dugu gutako inork nahi izango duenik enpresari izatea? Eta ondo dago atzerriko inbertsioak gurera etorri daitezen nahi izatea… baina, zergatik etorri beharko lukete kanpotik, gure joko-araua konfrontazioa baldin bada?
Ni zaharra naiz, zaharregia behar bada, baina gazte jende gehiegi sumatzen dut ordutegiaz, oporrez edo lantzean behingo zubiez lar arduratua eta enpresen nondik norakoaz nabarmen axolagabetua, enpresen etorkizuna segurtatzea enpresarien betekizuna baino ez balitz bezala.
Kontuan hartu, gero, "izan zirelako gara eta garelako izango dira" leloak ez duela soilik balio euskara eta euskal nortasuna defenditzeko, baita gure bizimodua bermatzeko ere, ez gara-eta alferrik ari ondorengo belaunaldien ekonomia ereiten.
Euskadik iraungo badu, lehiakorra izan beharko du. Euskal gizartearen lehiakortasuna ez da erretolika edo iragarki hutsa, euskal enpresari eta langile guztien erronka baizik.
EUSKADI IRRATIA – Albiste faktoria