Gutxi behar dugu
Hamahiruren bat urte bai, Migel Gallastegi pilotariak (Eibar, 1918) eskatu zidala beraren gainean liburua idaztea. Ander Letamendia medikuak argitaratu berria zuen Migel Soroa zenari buruzkoa (Beti gizon eta kantxan jaun - Señorío en la cancha. Tolosa, 1999) eta gure Migelek berea nahi zuen. Bizitza luzearen hondar-mondarretan, ez zuen ulertzen, Soroak baino palmares hobea izanda, testamentu idatzirik utzi gabe mundu honetatik alde egitea.
Ni garai hartan Industria, Energia, Merkataritza eta Turismo Sailaren Kabinete Burua nintzen eta, horrez gainera, Eusko Jaurlaritzaren bozeramailearen komunikazio-arduraduna. Eta hara non etorri zitzaidan nire aita zenaren laguna, 83 urteko aitxitxa zaharra, liburu-eskaka, zertaz eta pilotaz, munduan beste zereginik izango ez banu bezala. Baietz erantzun behar izan nion, ezezkorik esateko ausardiarik ezean.
Eta Migelek liburua nahi zuen
Nik ez dut sekula Migelekin gaztelaniaz hitzegin. Buruz buru izan genituen elkarrizketa guztiak euskaraz izan ziren. Baina, hala ere, lehen lerroa idazten hasi aurretik konturatu nintzen oinarrizko erabaki sakona hartu beharrean nengoela: ze hizkuntzatan idatzi, alegia. Euskaraz idaztea zen segurutik erosoena eta bildutako informazioari aproposen zegokiona… baina berehala jabetu nintzen zail idatzi nezakeela liburu bat Migelek ezin izango zuena sekula irakurri. Laboaren ildotik, euskaraz idatziez gero liburua “nirea izango zen, baina ez zen gehiago Migelena izango. Eta Migelek liburua nahi zuen”.
Izan ere, zelan Gallastegitarren etxe-baitan sartu bertoko aitajaunaren biografia idazteko, eta ez berak, ez emazteak eta ez hiru seme-alabetarik bakar batek ere inoiz irakurriko ez zuten liburua idatzi? Nola eskatu datuak, agiriak, gutunak, argazkiak eta gainerako xehetasunak, gero ezin izateko miatu, ikustatu, zuzendu, gozatu edo ontzat eman? Niri ez zidan euskaldungoak libururik enkargatu. Niri Migel Gallastegik eskatu zidan, nire umetako txapeldunak, gaztaroko mitoak, hil aurretik bere liburua esku artean hartu eta patxadaz –eta harrotasunez— irakurri nahi zuen agureak.
Orain hamar urte luze nekien nik “euzkitzeren” bati erantzun behar izango niola noizbait, baina hasiera beretik erabaki nuen ez nuela afalosteko milaka ordu nire bizkar hartuko “euzkitzetarrak” asebetetzeko, nire herrikidearen eskabide soilari erantzuteko baino. Eta orain ere, berriro idazteari ekin behar izango banio, gaztelaniaz ekingo nioke, euskara oso-oso-oso garrantzitsua baita, baina ez beti eta zernahi delarik, balore absolutua.
Soroaren liburua ez da euskara hutsean idatzia
Ez. Euzkitze adiskideari ez zaio bere arrazoirik falta. Zeharo ulergarriak, logikazkoak eta konbentzionalak diren arrazoiak, besteak beste. Baina erabat tronpatzen da esaten duenean Ander Letamendiaren liburua “euskara hutsean idatzia” dela, Soroa, Gallastegi bezala, euskaraz alfabetatu gabea izan arren.
Nahiz, antza, Euzkitzek ez jakin, Letamendiaren liburua hizkuntza bitan dago idatzia, ezker orrialdeak euskaraz eta eskuinekoak gaztelaniaz. Ez dakit nik zein aldetako testua irakurri ote zuen Soroa zenak baina… iritzia iritzi, sekretu, miresmen eta begirune gutxi dago hirurogeigarren hamarkadako formula zilegi bezain “praktiko” horretan.
Dena den, agerian gelditzen da Euzkitze pilotazale eta pilota-kazetariak ez duela sekula Migel Soroaren gaineko liburua esku artean hartu. Horretara, bost axola euskaraz, gaztelaniaz edo suajiliz idatzi. Gutxi behar dugu gero, inoiz ireki gabeko liburua eredutzat jartzeko.
Orain hamar urte inguru, Eibarko kultura-talde batek galdetu zidan idazten ari nintzen Gallastegiren biografia euskaraz al zen. Erantzun nien ezetz, gaztelaniaz niharduela baina eskubide guztia zutela beraiek euskaraz egiteko. Harrezkero ez du inork ezer egin. Denborarik ezaz ote? Gutxi behar dugu inori kontuak eskatzeko eta norberak ezer ez egiteko.
Gallastegiren liburuaren aurkezpen-inguruan hainbat kirol-kazetarik galdetu zidan ea nolatan nik pilotaz liburu bat idatzi. Auskalo… agian pilota-kazetariek idazten ez dutelako ote? Gutxi behar dugu, bai, inorenak estu hartzeko eta norberarenak baretzeko.
Nik Gallastegiren liburua idatzi dut. Baina ez gero pentsa hor amaitzen denik pilotarien harrobia. Gallastegi bezain onak (edo txapeldunak) izan dira Juan Ignacio Retegi, Hilario Azkarate, Julian Retegi, Atanillo, Beloki, Eugi… Lanari ekin nahi dionak badu nondik hasi. Eta, jakina, euskaraz baldin bada, hainbat hobe.
Eta, mesedez, ez diezaidala inork niri esan astirik ez duenik. “Gutxi behar dugu” afalosteetan libururen bat edo beste idazteko. Gogoa besterik ez.
GUTXI BEHAR DUGU. Xabier Euzkitze. Diario Noticias de Gipuzkoa. 2014.02.19
Edo, Titinek ez al du merezi liburua? Euzkitzek euskeraz idatzi behar al du? Norentzat?
Zorionak Amatiño. Zorionak Euskitze.Biok egin eta egiten duzuen lana Euskararen mezedetarako izango da eta.
AIO!!!!