Gurutze Gorriaren euskal memoria
Hainbatek uste lezake, birritan pentsatu beharrik gabeko “logikaz”, Gurutze Gorriaren lehendakariak Gurutze Gorriaren memoriaz idatzitako liburuak, kargu-emate aldera idatzitako memoria ofiziala izateko arrisku handia duela. Baina, oraingoan behintzat, erakunde barruko ofizialtasunetik ihes eginez, euskal historiaren hainbat pasarte zehatzen bilduma jakingarria da Samaniegok argitara eman diguna.
Hain zuzen ere, Solferinoko batailaren (1859) ondotik, “gurutze gorridun” lehen erizain boluntario taldea Ginebran sortu (1863) zenetik hona, Gurutze Gorriaren ildoa haritzat hartuz, azken 150 urteotako zenbait guduren kontakizuna da Samaniegok biltzen duena. Edo, nahi bada, alderantziz, azken 150 urteotan barrena gure inguruan izan diren guduak tarteko, Gurutze Gorriaren jardueraren kontakizuna.
Laburbilduz, azken karlistalditik (1872-1876) hasita (Santa Cruz gerrillariaren muzinak tarteko) egungo demokraziaraino, Gurutze Gorriak XIX. mendean bizi izandako gorabeherak (1876-1936), Afrikako gerra (1921-1927), Bigarren Errepublika (1931-1936), 1936ko altxamendu militarra, ondoko gerra, Espainiako eta Nazioarteko Gurutzen Gorrien arteko iritzi kontrajarriak, Euskadiko Jaurlaritzaren ardurapean sortutako Gurutze Gorria, apaiz abertzaleen fusilatzeak, alde bateko zein besteko emakume presoen trukaera, umeen atzerriratzea, gerra osteko neutraltasunik ezina, Franco senar-emazteak, biak, Gurutze Gorriaren ohorezko lehendakari, etab.
Datu-pila ikaragarria, bibliografia aberatsa, lekuko artez-artezak, eranskin arras esanguratsuak eta Enrique Samaniego kontalariaren beraren tarteka-martekako iritzi adierazgarriak. Segurutik liburu honek ekarpen handia egiten dio Gurutze Gorriaren historiari, baina are gehiago, nik uste, Gurutze Gorriaren euskal memoriari.
Enrique Samaniego, atzekaldean Gurutze Gorriko mikeleteak dituela (Gipuzkoako Foru Diputazioaren argazkia)
Oharra: Espainiako Gurutze Gorria 1864ko uztailaren 6an. sortu zen. Nafarroako Gurutze Gorria, aldiz, egunbete lehenago, 1864ko uztailaren 5an. Eta, gutxi-gutxitan gogoratzen den arren, nafar eragilerik nabarmenak euskaldunak izan ziren, foruzaleak eta euskalerrizaleak, “Asociación Euskara de Navarra” elkartearen sortzaileak, hain zuzen. Baina, honetaz guztiaz, hurrengoan.