Gurs, camp des basques
- Nafarren omenez
Gero etorri ziren geroagokoak. Eusko Jaurlaritzak 2006an mamitu zuen omenaldia, Gernikako Arbolaren kimua landatuz eta Nestor Basterretxearen eskultura jarriz. 2017an, berriz, Nafarroako Gobernuak oroitarria ezarri zuen Uxue Barkos presidente zelarik, Iñigo Urkullu EAEren lehendakaria eta Alain Rousset Akitania Berriko presidentea lagun.
Bisitarik merezi duen ingurumaria da. Eremuan zeharreko argibideak frantsesez, espainieraz eta alemanez daude, eta memorial barruko aterpean bada aspalditxoko pantaila vintage bat, bizpahiru teklaz –eta pazientziaz—hainbat informazio eskaintzen duena. Juduen (3) eta deportatuen hilerria, berriz, sakon-sakoneko zuhaitz artean dago, tope egin arte ez gero itzuli.
Dena dela, garai batean ez bezala, gaur egun sarean bada nahi besteko informaziorik. Baina han-hemenka bildutako guztia, ugari izaki ere, ez da bertatik bertara ikusi ahal izateari darion ikuspegi zirraratsuaren bestekoa.
Denboraz hartu. Eguna luzatzen eta epeltzen denean joatea hobe.
1) Euskalerritarrez osatutako taldea handiena –eta jaioterritik hurbilena— zenez gero, ontxoen moldatu zirenetakoa izan omen zen. Orkestra eta abesbatza antolatzeko gauza izan ziren, eta “bero jaten zuten bakarrak”. Iñaki Azpiazu kapelauak egiten zuen Eusko Jaurlaritzarekiko zubigintza eta barruko taldeburua Celestino Uriarte komunista izan zen.
2) Felipe Lizaso Zeruko Argia astekarian lankide ezagutu nuen lehenik, eta Deia egunkariaren Hitz Gurutzatuen egile gero. Gizonezko alai eta atsegina, beti laguntzeko gertu. Itxarkundiaga bataloiaren komandante izana, besteak beste Koldo Mitxelena izan zuen tenienteetakoa. Biak errenteriarrak, Santoñan hartu zituzten preso 1937an, heriotza-zigorra ezarri zieten eta elkarrekin egon ziren Larrinagako zein Burgosko espetxeetan, 1943 arte.
3) 1940-1943 urteetan, guztira egon ziren Gursen 6.538 judu, zeinetatik 3.907 Aushwitza bidali zituzten.
- Gurs, 2017. Iñigo Urkullu, juduen hilerrian barrena.