Gurea, goooooooool… inorena, gola
Euskal familietan mutikoa jaiotzen denean, denok elkarri esan ohi diogu: mutila. Inork ez du “mutil” esaten, nahiz gaztelaniaz, adibidez, “chico” esan, eta ez “el chico”.
Tradizioak dioenez, Colonen espedizioan, Ameriketako muinoak estreinako ikusi zituen marinelak zera oihukatu omen zuen: “tierraaaa!”. Euskaraz adierazi izan balu, esango zukeen, segurutik: “lurraaaa!”. Inondik ere ez, jakina, “lur”!
Euskal ehiztariak usotara joaten direnean goizean goizo, txara artean ezkutatu ohi dira noiz egunsentiarekin batera lehen hegaztadak agertuko. Eta, aurrena sumatu bezain laster, zelatariak ohartarazi izaten du, ahopeka: “paloma, paloma!”, gaztelaniaz; eta “usoa, usoa!”, euskaraz. Sekula ez, ordea, “uso, uso”.
Euskadi Irratiko esatariek, berriz, gol eta gola aldaerak erabiltzen dituzte, gola nork egiten duenaren arabera. Bartzelonako jokalarien gola baldin bada, esaterako: “Neymar… Suarez… Messi... eta gola”, etsipenak jotako gol triste, isil eta motza, baina beti ere gola, jakineko gola, mugatua. Haatik, Athletic-ek (edo beste edozein euskal taldek) egindako gola baldin bada, berriz: “Susaeta… Muniain… Aduriiiiz… gooool….. goooooooooooooooool!”, pozez zoratzen kantatutako gol(a), baina beti, gaztelaniaz bailitzan, GOL, nahiz euskaraz aritu.
Eta Haritz Gallastegik, Maitane Urbietak, Rafa Mungiak eta konpainiak gola kantatzerako orduan hitz osoa esango balute… Alegia, gooooooooooooooolaaaaaaaaaaa?
Badira horrelako beste hainbat, Euskotren adibidez, eta hainbeste ernegatzen gaituen Euskalmet-en "elur, euri eta haize" (sic) https://twitter.com/hashtag/haize (Gainera orain konturatu naiz normalizatu direla eta beste erakunde batzuek ere erabiltzen dituztela)