Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Gure Uztapideren errealismo fantastikoa

Gure Uztapideren errealismo fantastikoa

Amatiño 2022/06/04 09:00
Pako Aristiren “Nire Uztapide” liburua 2000. urtean kaleratu zen aurrenengoz, eta bigarrenez argitara eman berri du orain Ereinek, Jon Zabaletaren irudiez, Manuel Olaizola (Zestoa, 1909 - Oiartzun, 1983) bertsolariaren izena eta izana berreskuratzeko asmotan. Gustura irakurtzeko moduko biografia nobelatua.

Uztapide Plaza.jpg1972 urte inguruan-edo Donostiako Hoja-del-Lunes-ko zuzendariak deitu zidan, Juan San Martinen partez, hamabostean behin bertsolaritzaz idatziko ote nukeen galdezka. Bertsolaritzaz? Nik? Artean hogeitaka urte eta euskal jaien inguruan bertso-saioak antolatzen ibilia baino ez.

Berehala Juanitori deitu nion, benetan uste al zuen nik bertsolaritzaz ezer ganorazkorik idatzi ote nezakeen. Eta berak erantzun: “Hi... bertsolaritzaz idaztia eztok bertsotan hastia. Bertsolaritzan atzian historixia daok, tradiziñua, kulturia, herrixa, ahozko literaturia… Ez badakik ikasiko dok. Gaiñera, hi ez dok ba kazetari izan nahi? Kazetarixak dakixenaz bakarrik idatzi bihar izango balebe…”

Berrogeita hamar urte geroago, San Martinen erantzuna gogorarazi dit Pako Aristik: “bertsolarien historia, azken batean, herriaren historia” da; eta, Uztapide lotsati handia, “berak ezagututako pertsonen argazkiak eta deskribapenak egiten bezain ona zen bere burua ezkutatzen” ("Nire Uztapide" - Erein, 2022).

Liburuxka bikaina, benetan, Pako Aristiren “Uztapide”, gustura eta erraz asko irakurtzen den biografia nobelatua; areago, segurutik, Manuel Olaizola zenaren izaera, denborak eta erritmoak ezagutzeko zoria izateaz gainera, Agiñazpi jatetxean (Eibar) elkarrekin gosaldu eta Uztapide (Endoia) baserri-tabernaren hormetan 1936ko txapelketako bertsoak eta argazkiak ikusteko aukera izan genuenontzat.

Uztapideren bizitza-ibilbideari nolabaiteko errealismo majikoa dario. Edota, behar bada, zehatz, alderantzizkoa. Errealismo majikoa baldin bada fantasia irrealaren egunerokotasuna, Uztapiderekin joandako euskal mundua zen, egunerokotasun xumearen errealismo fantastikoa.

Eta, harrigarriena, gero, zera: gu (ni, behintzat, bai) inguru-inguruan bizi ginelarik gertatu izana!

Zubeltzu
Zubeltzu bertsolariari omenaldia. Ezkerretik eskuinera, Iriondo, Uztapide, Zubeltzu eta Basarri. Deba, 1974.

Lasturko bertsoak
Uztapideren azken bertsoak, 1982an. Lasturren egin zitzaion omenaldian. Aurrenak ere bertan izan ziren. Bertako tabernaren horman diraute azken berrogei urteotan.
Uztapide baserria4
Uztapide baserria, Endoian (Zestua), 1970eko hamarkadan.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: