Gure Txikitoren historia, nork kontatuko zain
Ikaragarrizko liburutzarra (514 orrialde), Larrañagak bost ataletan banatu duen han-hemenka bildutako dokumentazio garaua. Hitzaurrea (4 or.), Txikitoren kirol-kronologia (351 or.), hemeroteka (60 or.), anekdotak eta pasadizoak (20 or.), eta beste zenbait pilotariren datu-sorta (51 or.). Sekulako lana, hamaikatxo ordu luzetako emaitza. Txikito zenaren historia osatzeko oinarrizko material garrantzitsua, baina osatzerik inondik ere lortzen ez duena --ezta hurrik eman ere--, nahiz Txikito zenaz (2) gaur egun aurki daitekeen informazio guztiaren %95 dagoeneko bildu. Beste modu batez esanda, Larrañagarena gehiago da nolabaiteko inbentarioa, gutxieneko irakurgaia baino. Testuingurua falta zaio. Ez dago istoriorik.
Zehaztapen handitan sartzeke, pilota-munduan eta Eibarren bereziki, jakinekoa da Txikito izan zela historiak eman duen pilotaririk onena. Hau da, pilota-jokoa eraberritu zuena, ikuskizuna eskaintzeko gauza izan, pilota-industria eragin eta, besteak beste, noizik behin baino sortzen ez diren figura horietakoa izan zela, Euskal Herrian, Madrilen zein Buenos Airesen. Larrañagak ondorio hauetara iristeko besteko datuak bildu ditu baina bilketa soilean baino ez da geratu, tamalez ez du-eta bere aldetik batere ekarpenik, interpretaziorik edo kontakizunik ezarri.
Borondaterik onenaz demaseko lana egin arren Larrañagak ez omen du argitaratzailerik aurkitu, ez batere dirulagintzarik lortu. Beldur naiz, gainera, eraz eta moldez ez badu ezer aldatzen, ez duela irakurlerik ere aurkituko, zentzurik onenean esanda liburuak ez baitu irakurgairik burutzen, ahalik eta daturik gehien metatzen baizik.
Eta, hartara, bi hausnarketa ezinbesteko dirateke. Alegia:
Lehenik eta behin, bakoitzak egin dezake nahi duena, jakina. Egileak eskubide osoa du egin duena egiteko, baina babesle izan zitekeenak ere, zer babestu eta zer ez aukeratzeko eskubidea du, argitaratzaileak zer argitaratu eta zer ez erabakitzeko, eta irakurleak –erosi ostean, erosten baldin badu— irakurtzen jarraitu ala ez erabakitzeko hautua duen bezalaxe. Baina, honela, ondorioak beti izango dira kamutsak edo hutsaren hurrengoak.
Material pila hori agirian dagoenez gero, asto-lana egina beraz, ez al dago inor prest hori guztia testuinguruan kokatzeko eta pilotaren historian izan den garairik iraultzaileenaren berri emateko, abiapuntu horretatik “pilotaren erregearen” nondik norakoa kontatuz?
---oo0oo---
1) Informazioa bildu eta idatzi, argazkiez osatu, diseinuaz eta maketazioaz arduratu eta, horrez gainera, argitaretze-kostuaren zamaz jabetu.
2) Jaiotzez durangarra zenaren aitzakiaz, bada dioenik Eibar ez dela Txikitorekin batere ondo portatu. Kale bat besterik ez omen du. Beti Eibarko Txikito izan zen, ordea. Sekula ez Durangokoa.
3) Indalezio Sarasketa 1900 urtean hil zenez gero, ez da egun inor bizi hura ezagutu zuenik. Nik gogoan dut, ordea, Visia Esther Sarasketa, pilotariaren biloba, ezagutu izana. Gutxienez behin, gurera etorri zen 1950eko hamarkadan. Nonbait gure ama eta "Bisiester" zena txikitako lagunak ziren. Amak sarri hitz egiten zuen hartaz eta estimu handitan zuten elkar. Ni Ameriketako pilotari ospetsuren baten senidea zenaz baino ez nintzen jabetu.